Bertso-afari "biyurriya" antolatu dute hileko azken ostiralerako
Haizea Arana, Josu Ibarguren, Aner Peritz eta Ekhiñe Zapiain gonbidatu Biyurrieneak, hilaren 27rako. Sarrerak salgai daude.
Urte bukaera bertso doinu artean joan zen, eta berdin hasiko da 2023a Oiartzunen. Izan ere, Biyurrieneak urteko lehenengo ekitaldia antolatu du hilaren 27rako.
Urtarrileko azkeneko ostiralean bertso-afaria antolatu dute, eta lau bertsolari gazte gonbidatu dituzte: Haizea Arana, Aner Peritz, Ekhiñe Zapiain eta Josu Ibarguren oiartzuarra.
Sarrerek 15 euroko prezioa izango dute, eta Sorgin eta Miren tabernetan daude eskuragarri, hilaren 20ra arte. Norbaitek elikagairen bati alergia edo intolerantziaren bat balio, aurrez abisatzea eskatu du Biyurrieneak, beraien Instagram kontura mezua bidalita. Gauza bera eskatu diete afaltzeko aukera beganoaren alde egingo dutenei.
Bertso-afaria Girizia elkartean izango da, 21:00etan hasita.
Igandekoak, agortuta
Bestalde, Etxeratek urtero antolatzen duen bertso-saioa egingo dute datorren igandean, hilak 8. Elorsoro kiroldegiko harmailak eta kantxa lepo egongo dira, sarrerak agortu baitira.
Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finalean aritu diren zortzi bertsolariak igoko dira oholtzara: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.