Udalak 5.000 euro eman dizkio Zaporeak elkarteari
Hirugarren urtez jarraian diruz lagundu du elkartea. Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuei elikadura duina, kalitatezkoa eta elikagarria ematen die irabazi asmorik gabeko elkarte honek.
Hirugarren urtez jarraian, Errenteriako Udalak diruz lagundu du Zaporeak elkartea. 5.000 euro eman berri dizkio, larrialdietarako eta ekintza humanitarioko diru laguntzen barruan. Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuei elikadura duina, kalitatezkoa eta elikagarria ematen die irabazi asmorik gabeko elkarte honek.
2023rako hainbat helburu zehaztu ditu elkarteak, ondorengo ekintzetarako bideratuko dute udaletik jasotako diru hori: Uharteko Kara Tepe errefuxiatu eremu berrian egiten diren elikagai banaketekin jarraitzea eta zabaltzea; tokian tokiko lanari eta sortutako aliantzen emaitzei etengabeko jarraipena egitea; eta azkenik, Greziako migrazio egoeraz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea.