Duintasuna: «Borroka hau ez da hemen bukatu, luze joko du»
Herritarren presioari esker, ohiko ordutegia berreskuratuko du Beraungo anbulatorioak hilaren 16tik aurrera. Urritik arratsaldez itxita izan da osasun zentroa, auzotarren haserrerako.
Azken asteetako borrokak emaitza ekarri du. Datorren ostiralean (hilak 16) ohiko ordutegia berreskuratuko du Beraungo anbulatorioak, aste luzez arratsaldez itxita izan ondoren. Duintasuna elkartea eta protestetara batu diren auzo elkarteak pozik eta harro azaldu dira azken erabakiarekin. «Lortu dugu, denon artean egindako borrokak eragina izan du, ikaragarria izan da», esan dio HITZAri Duintasuna elkarteko kide Rafa Lorentek.
Joan den urrian jakinarazi zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak arratsaldez, hau da, 17:00etatik 20:00etara, itxiko zutela anbulatorioa, «profesionalen falta» argudiatuta. Auzotarren erantzuna berehalakoa izan zen, eta lehen egunetik mobilizatzen aritu dira. Orotara, hiru manifestazio eta hainbat ekintza egin dituzte azken egunetan. «Izugarria izan da hainbeste jende mobilizatzen ikustea, ez genuen espero. Kaleak hartzeak zerbaitetarako balio duela erakutsi dugu, hori da bidea», erantsi du Lorentek.
Joan den astearen bukaeran bilera izan zuen Duintasunak anbulatorioko zuzendari Arrate Salaberriarekin, eta hark ohiko ordutegia berreskuratzeko hitza eman zuen. Halere, herritarrak ez dira fio, eta gaia gertutik jarraitzeko asmoa adierazi dute. «Ez dugu idatzirik jaso, bere hitza dugu bakarrik, baina bete arte borrokan jarraituko dugu». Lorentek aipatu du Aizpea Otaegi alkateari ere erabakiaren berri eman berri diola zuzendariak. «Ea hitza betetzen duen», erantsi du.
Orain Iztietako anbulatorioan jarriko dute fokua herritarrek, Lorenteren arabera, «ikaragarrizko gainkarga» jasaten ari baita azkenaldian. «Beraungoa arratsaldez irekitzen badute ere, gainezka jarraituko du Iztietakoak. Egoera kezkagarria da. Borroka hau ez da hemen bukatzen, luze joko du. Osasun sistema pribatizatu nahi dute eta ez diegu utziko. Gure gurasoek lortutako eskubideak berreskuratu behar ditugu», esan du.
Urteko lehena
Bide batez, Lorentek gogorarazi du datorren astelehenean egingo duela Duintasunak pentsio duinen aldeko urteko lehen mobilizazioa. Bertaratzera deitu ditu gazte eta heldu oro. 11:00etan bilduko dira, beti bezala, Herriko Plazan.