Donibaneko sarreran herrigune berri bat sortzeko proposamena
Termika zaharraren lurrean biltegi berri bat eraikiko du portuko enpresa batek. EH Bilduk eskatu du teilatua "ibiltzeko modukoa" izatea.
Pasaiako Portu Agintaritzak joan den abenduan iragarri zuen Donibaneko zentral termikoa zegoen lursaila portuko enpresa bati esleitu ziola 30 urtez, bertan biltegi eraikina izango duen terminal berri bat sortzeko. Horren aurrean, Pasaiako EH Bilduk eraikin berri horren teilatua “ibiltzeko modukoa” izan dadin proposatu du.
Eremu hori hiri-portu bizikidetza sustatzeko baliatu dadin da bilkideen proposamenaren helburua. Bertan aparkalekuak edota herritarrentzako ekipamenduak, hala nola, parke bat, plaza bat edota bidegorria sor daitezen nahi dute. “Orubeak baldintza egokiak betetzen ditu”, ziurtatu dute, “ondoko eta azpiko kaiak portu erabilerak baimentzen dituen bitartean”.
Proiektu proposamen bat prestatu dute lursail horretarako [goiko irudian ikus daiteke], eta hori guzti hori egingarria dela sinetsita agertu dira, Trintxerpetik Herrerako topora doan bidean berdina egin baita pabiloi baten gainean, eta San Pedroko arrain lonjaren teilatua ere ibiltzeko modukoa baita.
“Etsipenez ikusten dugu PSOEk eta EAJk, Portuko Agintaritzatik zein Pasaiako Udaletik halako aukerak ez baliatzea”, deitoratu dute oposiziokoek, “portuan egiten diren obrek inguruan bizi garen herritarrokiko bizikidetza hobetzea izan behar dute helburu, azpiegitura beraren modernizatzeaz gain; baina gobernuan dauden bi alderdiek, berriro ere, aukera hau pasatzen utzi nahi dute”.
Testuinguru horretan, udaleko indar nagusiak PPAri obra birplanteatu dezala eskatu dio, herritarren mesedetan. Horrez gain, udal gobernuari galdegin diote PPAri eta aldundiari eska diezaiela Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten portu-hiri bizikidetza sustatzeko mahaiaren bilera behingoz deitzeko gisa honetako gaiak jorratzeko, 2020ko irailean sortzea erabaki zenetik ez baita sekula bildu.