Ikasleek energiaren diagnosia egingo dute Agenda 2030en barruan
'Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea' gaia lantzen ari dira. Urtarriletik martxora energiaren testuingurua ezagutzeko saio teorikoak egingo dituzte.
Eskolako Agenda 2030en barruan, urtero-urtero herriko hiru ikastetxeetako ikasleek gai bat lantzen dute. 2022-2023 ikasturte honetan, Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea da jorratzen ari direna.
Hil honetan hasi eta martxora bitartean, energiaren testuingurua landuko dute ikasgelan, saio teorikoetan. Saio praktikoak ere egingo dituzte, herriko egoera ezagutzeko.
Haien adina eta ezagupen mailara egokitutako material didaktikoa erabiliz, udalerriaren egoera aztertuko dute: energia iturri berriztagarriak, energia kontsumoa murrizteko aukerak, mugikortasun jasangarria…
Hobetu daitezkeen ahulguneak identifikatu ondoren, bi jarduera egingo dituzte. Lehena, alkateari eta gainontzeko udal ordezkariei proposamenak egingo dizkiete. Bigarrena, norberak eguneroko bizitzan aurrera eramateko konpromisoak hartuko dituzte.
Modu horretan, garapen jasangarria herritar guztien ardura dela erakutsi nahi dute.