Ihoteetarako motorrak berotzen hasi dira
Oiartzungo neguko festa prestatzen hasi dira hainbat auzotan. Iturriotz, Ugaldetxo eta Karrikakoek jarri dituzte hitzorduak.
Hiru aste falta dira ihoteetarako, otsailaren 10etik 12ra ospatuko baitituzte. Auzoetan ari dira data horiek prestatzen, eta deialdiak egiten hasi zaizkie auzotarrei.
Ugaldetxo, Iturriotz eta Karrikako kuestaziyua-k noiz hasiko diren jakinarazi dute —otsailaren 11n izango dira, noski—, eta izena emateko bideak eman dituzte. Honakoa da helarazi duten informazioa:
Karrika
- 09:00etan, Artaso elkartean. Bazkarirako izena eman beharko da e-posta bidez, eta otsailaren 5a izango da epe-muga. Kuadrillako baten izena eta hurbilduko den jende kopurua adierazi behar da. Ehun lagunentzako tokia izango da.
Ugaldetxo
- 09:30ean, Gariñon. Bazkaria Esnoizen izango da. Izena eman beharko da e-posta bidez, otsailaren 5a baino lehen. Kuadrillako baten izena eta hurbilduko den jende kopurua adierazi behar da.
Iturriotz
- Izen-emate galdetegia prestatu dute, lehenengo aldiz. Kuadrillako baten izena eta hurbilduko den jende kopurua adierazi behar da. Otsailaren 5a izango da izena emateko azkeneko eguna, eta otsailaren 6an lana eta ardurak banatuko dituzte, auzoko lokalean. Ohartarazi dutenez, 16 urtetik beherako gaztetxoek heldu arduradun batekin joan beharko dute.