Bibliotekako haurren liburuetan jarrera sexistak dira nagusi
Liburutegiko 588 liburu hautatu dituzte zoriz, eta ikerketa egin dute, aurreiritzi sexista kopurua aztertzeko.
Manuel Lekuona bibliotekan 5.620 liburu daude haurrei zuzenduta. Horietatik 588 zoriz aukeratu dituzte, genero ikuspegidun azterketa egiteko.
Izan ere, Oiartzungo Udalaren ustez, gizartearen sozializazio prozesua “generoaren araberakoa” da. Genero sozializazio hori egunerokoan “oso presente” dagoela uste dute.
“Etorkizuneko belaunaldiek euren bidea libreki eta modu askean aukeratzea eta ibiltzea nahi badugu, ume eta gazteei zuzendutako ipuin eta liburuetan, eredu posible guztien dibertsitatea jaso eta sozialki bidekoak direla erakutsi behar da”.
Ikerketa egiteko akuiluetako bat izan zen ea sexu eta genero rol tradizionalek nagusi izaten jarraitzen duten, baita ea eredu berritzailerik badagoen. Bakoitzak daukan pisua aztertu nahi izan dute, baita ere gizartearen aniztasuna islatzen ote den.
Pertsonaia maskulinoak, nagusi
588 liburuko lagina hartuta, bederatzi hilabete aritu dira lanean ikertzaileak, liburuak banan-banan aztertuta.
Edukian honelako kontzeptuak aztertu dituzte: Idazle eta ilustratzaileen sexua; pertsonaia protagonistaren generoa eta ezaugarriak; estereotipoak apurtzen dituzten; lan produktiboa eta zaintza nork egiten dituen; maitasun erromantikoa ageri den; nolako familia ereduak azaltzen diren…
Ondorioak argiak dira, udalak azaldu duenez: “Emakume idazle eta ilustratzaileak gutxiengoa dira. Emakumeen errepresentazio sexualizatua nabarmena da. Koloreen erabilera estereotipatua ere egiten da”.
Pertsonaia maskulinoen kopurua askoz altuagoa da (%54), eta femeninoena, berriz, %22an geratu da. “Gainera”, jarraitu du udalak, “gizonak liderrak, ausartak eta jakintsuak dira eta espazio publikoan nagusitasuna dute; emakumeak edertasunak edo zaintzaz arduratzen dira, etxe giroan”.
Egin beharrekoak
Liburuzainek liburu berriak erosterakoan irizpideak izateko egin da azterketa, beste hainbat helbururen artean. “Hutsuneak non dauden adierazteko eta liburu zaharkituak baztertzerakoan ere genero ikuspegia kontuan izatea da helburua, datuetan oinarrituta”.
Azken urteetan, joera hori eraldatzeko lanak egiten ari dira. “Liburuzainen azken urteetako ardura eta lanari esker, ekarri diren liburu asko oso eraldatzaileak dira eta bilakaera positiboa nabari da”, gaineratu du udalak.
Hala ere, bibliotekako liburu asko aspaldi idatzitakoak direnez, oraindik “lan handia” egiteko dagoela adierazi dute. Egindako ikerketari esker, zer eta nola hobe daitekeen identifikatu dute.
Horrez gain, udalak kartel bat eta esku-orria prestatu ditu, irakurleek liburuak aukeratzerakoan irizpide horiek kontuan har ditzaten. Materiala ikastetxeetan zabaldu dute, haurrekin lantzen dituzten aukeraketan laguntzeko.
Feminismoa, iparrorratz
Oiartzungo Udalak pasa den uztailean onartu zuen lehenengo Plan Feminista. Berdintasun politikak udaleko sail guztietan zehar-lerro izatea onartu zuten modu horretan.
Horrela, pixkanaka, proiektu guztietan lan ereduak moldatu eta ikuspegi feminista txertatu nahi dute. Hirigintzan, kulturan, udaltzaingoan edo beste hainbat esparrutan egindako lanari batuko zaio liburutegian egin dutena.