«Garai batean bezala alameda beteta ikustea da gure ametsa»
Aspaldian bezala dantzan ariko da igandean, lagun eta ezagunez inguratuta. Hamarkada askoko hutsunea betetzeko igandeko dantzaldiak berreskuratu dituzte. «Ilusioz eta gogoz» dira herriko adinekoak.
Igandeak Dantzan lehen saiorako gogoz zaudete?
Gogo handiz gaude. Nire inguruko askok jada gonbidapena eskuratu dute, ilusioz gaude. Asko dira aspalditik egitasmo hau berreskuratzeko ilusioa zutenak. Kontua da herriko adineko asko Irunera joan behar izaten dutela hango dantzaldietara, eta herrian bertan izatea ederra da. Irun urruti dago, ez da erraza haraino joatea askorentzat, eta eskertzekoa da etxetik gertu egitea. Oso pozik gaude.
Primeran jaso dugu udalaren proposamena, haiekin batera lanean hasteko prest agertu ginen, zalantzarik gabe gainera. Aspalditik herriko askok buruan zuten horri erantzuten dio egitasmo berri honek.
Gogoan dituzu garai hartako igandeak?
Noski, ez dira erraz ahazteko egunak. Pasaiakora joaten ginen eta gero Errenteriako dantzaldira, handiena hemengoa zelako. Oso-oso ongi pasatzen genuen, oroitzapen ederrak ditugu, maiz gogorarazten ditugu une horiek gure artean. Ekitaldi kultural oso gutxi zegoen garai hartan, eta dantzaldiek sekulako indarra zuten gazteen artean. Ziur ez dakit, baina hamarkada asko dira dantzaldirik gabe, tamalez. Kariño berezia diegu igande horiei. Primeran pasatzen genuen, barrez betetako arratsaldeak izaten ziren. Zaila izaten zen bikotea lortzea batzuetan, baina lotsak alde batera uzten genituen. Harreman asko sortzen ziren, baita bikoteak ere! Bereziak ziren, oso.
Saioak Galtzarabordako kiroldegian izan arren, Gamon Zumardira eramatea da zuen asmoa, ezta?
Hala da. Saioek izango duten harreraren arabera aukera hori egon daitekeela dio udalak, beraz, ilusioz gaude. Galtzarabordan egingo ditugu lehen saioak baina gure ametsa alameda berriro garai batean bezala beteta ikustea da, ikaragarri gustatuko litzaiguke. Beste gauza bat da kalean egitea. Giro ederra sortzen da, gainera. Herria egiten zuten garai bateko dantzaldiek, erreferente ziren askorentzat. Beste ukitu bat ematen zioten zumardiari, baita herriari ere. Zoritxarrez ohitura galtzen joan da, baina badirudi indartsu itzuliko direla. Bizitza emango diegu berriro igandeei. Polita izango da igandekoa, urte luzeko atzera bidaia egingo baitugu denek.