Kontxa Murgiaren oroimenak bi herri elkar lotuko ditu
Fato Cultural Daniel Castelaok eta udalak ekitaldiak antolatu dituzte hilaren 26tik 28ra bitartean. Hitzaldia, poesia eta omenaldia izango dira osagaiak.
Kontxa Murgia Egaña oiartzuarra omenduko dute, beste urte batez, Fato Cultural Daniel Castelaok eta Oiartzungo Udalak. Galiziako abertzaletasunaren bultzatzaileetako izan zen Manuel Martinez Murgiaren ama jaioterrian oroitzea Euskal Herria eta Galizia lotzeko aukera izango da.
Hilaren 26tik 28ra eguneko ekitaldi bana egingo dituzte. Xose Estevez historialariak hitzaldia emango du datorren ostegunean, Rosalia de Castroren senarraren —Manuel Martinez Murgia beraren— euskal jatorriari buruzkoa. 19:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan.
Biharamunean, toki eta ordu berean, poesia errezitaldi musikatua taularatuko dute. Edurne Saizar pianistak, Haizea Lekuona flautistak eta Oihane Mitxelena soinujoleak girotuko dute saioa, eta Anxo Angueira, Antton Kazabon eta Xose Estevez arituko dira errezitatzen. Angueira eta Kazabonen poemak irakurtzeaz gain, Sechu Sende, Quique de Roxios eta Rosalia de Castroren lanak irakurriko dituzte.
Ekitaldi nagusia larunbaterako utzi dute. Kontxa Murgiaren omenezko pikondo bat landatuko dute zimitorio zaharrean, 11:30ean. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak eta Anxo Angueirak hartuko dute hitza.
Angueira Vigoko Unibertsitateko irakasle da, baita Rosalia de Castro Fundazioko lehendakari ere. Ekitaldi hori bukatzen dutenean, Murgiaren jaiotetxera joango dira —egungo biblioteka—, eta han lore eskaintza egingo dute, Murgiaren omenezko plakaren aurrean, Lartaungo txistulariekin eta Trisqueleko gaiteroekin. Luntx batekin bukatuko dute aurtengo ekitaldi sorta.