Igandeko konpartsa prestatzeko entsegura deitu dituzte lehenengo bizilagunak. Datorren asteazkenean izango da prestakuntza saio hori.
Hungariako Kaldereroen desfileak Trintxerpe zeharkatuko du hilaren 12an, igandearekin. Konpartsan parte hartu nahi dutenek aurretik entseguetara joan beharko dutela ohartarazi dute Illunbe talde antolatzailekoek.
Haurren eta helduen konpartsak igande goizean bilduko dira, 11:30ean, Serafin Esnaola Plazan. Ordu erdiko agerraldia egin ondoren, barrutiko kaleetan barrena murgilduko dira denak 12:00etatik aurrera.
Esan bezala, entseguak deitu dituzte prestatzeko. Horiek datorren asteazkenean izango dira, hilak 8, Trintxerpeko Alkateordetzako beheko pisuan. 20:00etan hasi eta 21:00etan bukatzea aurreikusi dute. Norberak bere zartagina eta mailua eraman beharko ditu.