[Elkarrizketa] «Zure burua ezagutzeko aukera ematen dizu Konmarik»
Marie Kondoren ordenatzeko metodologia ikasi zuen Sara Etxebestek, eta ordutik, aholkulari lanak egiten ditu, Konmari metodoa laguntza eskatzen dioten etxeetara eramanez.
Zer da Marie Kondoren metodoa?
Metodo hau, berez, etxeak ordenatzeko metodoa da. Bere esperientzia hartu zuen kontuan, eta esaten zuen, etxeko puntu batetik bestera ordenatzen zuela lehen, eta amaitzen zuenerako, lehenengo egin zuen gela edo, berriro nahastuta egoten zela. Beraz, Konmari metodoa sortu zuen, eta niretzat behintzat, inoiz topatu dudan metodo sinple eta eraginkorrena da. Gainera, ez da ordenatzea bakarrik, zure burua ezagutzeko aukera ere ematen dizu. Dituzun objektu guztiak berrikusi, aukeratu eta ordenatu behar direnez, zure zati txikiak ikusten ari zara uneoro.
Nola izan zenuen metodoaren berri?
Italian bizi nintzen ezagutu nuen garaian, lagun batek deskubritu zuen Marie Kondoren liburua, asko gustatu zitzaion, eta nitaz gogoratu eta liburua gomendatu zidan. Ez nion kasurik egin orduan [barrez], eta herrira itzuli nintzenean irakurri nuen. Niretzat, txikitatik ordenatzea jolasa izan da eta liburua zoragarria iruditu zitzaidan. Une horretan zerotik hasi behar nuen, eta erabaki nuen etxea metodo horrekin ordenatzea.
Etxea horrela ordenatu eta gero, beharra sentitu zenuen Konmariren inguruan gehiago jakiteko?
Bai, hori da. Konturatu nintzen gehiago jakin nahi nuela, eta horrelako zerbaitekin lan egiteko aukerarik bazegoen, hortan aritu nahi nuela. Beraz, Marie Kondoren enpresara idatzi nuen ea formakuntzarik jasotzeko aukerarik zegoen jakiteko. Esan zidaten urtebete itxaroten banuen, Londresen izango nuela aukera. Bestela, Ameriketako Estatu Batuetara joan behar nuen, eta ez nuen hori egiteko asmorik. 2018an, beraz, Londresera joan nintzen eta hurrengo urtean amaitu nuen formakuntza, horregatik, gaur egun Konmari aholkularia naiz.
Bertatik ekarritakoarekin Kokoro tailerra sortzea erabaki zenuen, nola izan zen hura?
Nahiko modu naturalean sortu zen. Formakuntzan, bi pertsonaren etxeak antolatu behar izan nituen, eta esperientzia aberasgarriak izan ziren, haientzat eta niretzat. Orduan erabaki nuen sareetan eta webgunearen bidez aholkularitza hau eskaintzea.
Eta nondik dator Kokoro izena?
Film asko ikusten ditut bertsio originalean, eta konturatu nintzen pelikula japoniarretan kokoro hitza asko esaten zutela. Ondo bilatu nuen, eta bihotza esan nahi du, baina, gurea baino era zabalagoan: bihotza eta arima gauza berean jartzea esan nahi du, zaren guztia gauza berari ematea.
Nolakoa da norbaitek bere etxeko ateak irekitzea, eta laguntza eskatzea?
Uf… Niretzat izugarrizko ohorea da pertsona baten etxearen antolaketan laguntzen hastea. Nire lana ez da prozesua nik egitea, nire lana aldaketa egin nahi duenaren bidelagun izatea da. Batzuetan gauzak zaildu egiten dira, edo blokeoak gertatzen dira, eta nik horietatik ateratzen laguntzen diet.
Antolaketarekin hastean, zein dira jarraitzen dituzuen pausoak?
Pauso ezberdinak ditu prozesu guztiak: kategorien bidez ordenatu, benetan poztasuna ematen dizunarekin gelditu, eskerrak eman bota baino lehen, eta era bertikalean ordenatu.
Lehen pausoan, bost kategoriatan banatuko ditugu gauzak: arropa, liburuak, paperak edo dokumentuak, komono (bestelakoak edo miszelanea esan nahi du) eta objektu sentimentalak. Hurrenkera horretan ordenatzea da gomendagarria, beraz, lehenik arropa guztia toki berean elkartu, eta banan-banan aztertuko genuke. Ondoren, benetan poztasuna ematen dutenekin bakarrik gelditu eta joaten utziko denari eskerrak eman behar zaizkio. Tontakeria bat dirudi eskertzak, baina orduan konturatzen zara horrekin bizitakoaz, eta kontzienteago egiten gaitu orain arte egindakoaz. Hiru pauso horiek egin eta gero, ordenatzea tokatzen da. Marie Kondok sistema bertikala gomendatzen du, dena ondo tolestu eta era bertikalean jartzea. Azkenik, kategoria berdineko gauzak gertu kokatzen dira erraztasuna bilatuz.
Pauso horiek kategoria guztiekin egin behar dira, eta azkenean, etxe osoa ordenatuta izatea lortzen da.
Zure bizitzan ere aldaketak ekarri zizkizun metodoak?
Bai, azaleko metodologia dirudi, baina, berrikusi eta ordenatzean, begiak irekitzen zaizkizu. Adibidez, arroparekin ari nintzela, konturatu nintzen ez ninduela gehiago errepresentatzen. Gainera, banuen laneko arropa, eta hori ikusita jabetu nintzen ez nituela gehiago aurretik egindako lanak egin nahi. Bestalde, dirua ere ordenatu nuen, eta nahiz eta zerotik hastera nentorren, konturatu nintzen espero baino gehiago nuela.
Metodologia hau aplikatu daiteke beste pertsona batekin bizita?
Askok galdetzen didate hori. Beti argi uzten diet hasi baino lehen bakoitzarenetik hasi behar dela, geroago, nahi gabe ere ingurukoei eragingo dielako, baina, haiena ez zaigulako tokatzen. Askotan, bestearena ikusten dugu baina gurea ez, eta gure buruaren lanketa egitetik hasi behar dugu. Gainera, kutsatu-edo egiten da, eta askotan ikusi dut ingurukoek ere parte hartu nahi izaten dutela; askotan haurrek ere jolas moduan jasotzen dute eta lagundu nahi izaten dute.
Bestalde, garrantzitsua da etxean dauden beste pertsonekin erabakiak hartzea, hau da, adostasun batera iristea. Nire bikoteak ez du ni bezala ordenatzen, baina, bakoitzak berea nahi duen moduan egiten du eta konpartitua dena nola egin adostuta dugu.
Konmari metodoa alor digitalera ere eraman daiteke?
Bai, noski. Laguntza eskatzen didatenei, beti gomendatzen diet etxearen lanketa egin eta gero, haien arlo digitalean egitea aldaketa horiek. Gainera, uste dut gaur egun denok egin beharko genukeen zerbait dela.
Zurekin lan egin nahi duenak zein aukera izango lituzke?
Nirekin lan egiten duenak etxe osoa ordena dezake, eta bestela kategoriaka egin dezake lan. Hasiera batean, beti dena egitea gomendatzen dut, sortzen duen inpaktua askoz handiagoa delako. Hala ere, badago jendea ezin duena kolpe bakarrean egin, denbora eskatzen duelako eta agian hobe datorkie kategoriaka egiten joatea. Aukera horrek ere bere onurak dituela ohartu naiz, eta zatika lan egin daitekeela.
Horrez gain, tailerrak eta hitzaldiak ere ematen ditut, eta bloga eta webgunea ere baditut.
Duela aste batzuk, sareetan zabaldu zen Marie Kondok esan zuela, familia izanik agian metodoak ez duela funtzionatzen.
Bai, beno, hori titular sentsazionalista egiteagatik izan zen. Erreportaje osoa irakurriz gero, jakin zitekeen benetan Konmari metodoaren sortzaileak esan zuena. Berak ez zuen esan ezin dela haurrak izaterakoan horrelako metodologia bat aurrera eraman. Azaldu zuen, agian zaila dela beti etxea ordenatuta izatea. Helburua ez da inoiz izan etxea aldizkari batean ateratzeko prest izatea; aldiz, horrela ordenatzeak, gerora erraztasunak ekartzen ditu txukun mantentzeko.
Marie Kondok orain hiru haur ditu, eta uste dudanez, esan zuen eta gaizki- ulertu zena izan zela, bere lehentasunak aldatu direla, eta orain denbora gehiago pasa nahi duela familiarekin, eta gutxiago txukuntzen.
Laguntza eskatu dizutenen gehienak emakumeak izan al dira?
Bai, bai, zalantzarik gabe. Nik uste dut ez bada %100a, %99a dira emakumeak. Beti lotu gaituzte etxearekin, zaintzarekin eta ordenarekin, eta oraindik horrela jarraitzen dugu. Horren aurrean, iruditzen zait emakumeek etxea berriro konkistatu behar dugula eta gure tokia egin behar dugula, berdintasuneko espazioa bihurtu behar dugu. Gainera, autoezagutzarako baliabidea da, eta horren aurrean, gizonek orokorrean erresistentzia gehiago jartzen dute eta diote: «Nola erakutsiko dizkiot nik nire intimitateak beste pertsona bati?».
Gaur egun, Euskal Herrian, ezaguna da metodoa? Jendeak jotzen du zuregana?
Uste dut duela gutxira arte oraindik ezezaguna zela, eta honen inguruan egin duten telesailak, adibidez, ezagutarazi duela. Gauza ez hain on bat ere ekarri digu, jendeak oso ideia konkretuak bakarrik hartu dituelako eta aurreiritziak sortu dituelako. Hala ere, geroz eta ezagunagoa denez, geroz eta interes gehiago ari da sortzen gaiaren inguruan. Ahoz ahokoak ere asko laguntzen du, eta jendea behintzat informazio eske eta lanketa egiteko asmoekin gerturatzen zait. Bestalde, egia da ez dela erraza etxeko ateak irekitzea, eta alde horretatik asko dugu oraindik egiteko. Interesa badago, baina gero pausoa ematera ez da hainbeste jende ausartzen. Hala ere, ni laguntzeko nago, eta gehiago jakin nahi duenak www.kokorotailerra.com webgunean topatuko nau.