Udal zerbitzuak "abandonatu" dituela leporatu dio PSE-EEk udalari
Hainbat udal zerbitzu itxita jarraitzen dutela salatu du Isaac Palenciak, eta udalak ez duela "horiek berreskuratzeko inolako asmorik".
PSE-EE taldeko Isaac Palenciak ohar bat kaleratu du, udalak azken urteetan hainbat udal zerbitzu “abandonatu” dituela salatzeko. Jubilatuen klubak, Beraun zein Galtzarabordako igerilekuetako kafetegiak, Fanderiako errota, herriko kioskoak edo San Markoko gotorlekuaz aritu da.
Horietako batzuk urte luzez itxita daramatzatela dio Palenciak, eta dio ez dagoela “inolako asmorik horiek berreskuratzeko”. “Udalaren ardura da udal zerbitzu eta instalakuntzak eraginkortasunez kudeatzea, eta bistan dago legealdi honetan kudeaketa eskasa izan dela, eta utzikeria horrek herritarrei eragiten die”.
Galtzarabordako kafetegiarena “kasu larrienetakoa” dela esan du. “Urteak daramatza itxita, eta badirudi alkateak ez duela horrelako zerbitzu hain garrantzitsua berreskuratzeko presarik, kiroldegiko erabiltzaileek kexa ugari jarri arren”.
Errenteria-Orereta Gipuzkoako hirugarren udalerria dela gogorarazi du Palenciak, eta horregatik “bere dimentsioen mailako kudeaketa” behar duela esan du. Udal gobernuari euren kexen berri eman arren, honakoa erantzun diela salatu dute: “bere kudeaketa ereduaz hausnartzen ari direla, benetan aldatzeko interesa azaltzen duen informaziorik eman gabe”. Bitartean, udal zerbitzuak “hondatzen” ari direla erantsi du, “eta horrek kostu bat suposatzen du udal kutxan”, Palenciaren arabera.