IV. June Sanchez Tolaretxipi Bekak herritarren laguntza behar du
Haurren minbizia ikertzeko beka sortzeko, Juneren Hegoak elkarteak finantzaketa kolektibo bat jarri du martxan.
June Sanchez Tolaretxipi txikiagatik sortutako elkarteak 2015ean June Sanchez Tolaretxipi Beka sortu zuen, Euskal Herriko Pediatria Elkartearekin batera. Bi helburu ditu bekak: batetik, June omentzea eta gogoratzea, eta, bestetik, haurren minbizia ikertzea bultzatzea, haur horiek eta haien familiak hobeto bizi daitezen.
“Ikerkuntzan sinesten dugu, zoritxarrez, gaur egun, ikerketarako laguntzak mugatuak dira. GKEen sektorea ere ez da une ona bizitzen ari. Horregatik, aurten gure laugarren beka beste era batera aurkeztu nahi izan dugu, haur minbiziaren ikerketara bideratuko diren 3.000 euroak lortzeko erronkan herritarrak inplikatu nahi ditugu. Edozein ekarpen, txikia bada ere, ongietorria izango da”, diote Juneren Hegoak elkartetik.
Horretarako, finantzaketa kolektibo bat jarri dute martxan elkartetik. Herritarrei laguntza eskatu diete, eta gaineratu dute, horrela, haurren minbiziaren inguruan kontzientziazioa egin nahi dute gizartean. Ekimenean ekarpenak egiteko jarraian dagoen estekan parte hartu daiteke: www.migranodearena.org.
Hiru beka, hiru ikerketa
June Sanchez Tolaretxipi I. beka Idoia Garcia Camino doktoreak eraman zuen 2015ean, Gipuzkoako haur eta nerabeen tumore pediatriko arraroen karakterizazio molekularrari buruzko lanagatik. Bestalde, II. Beka eta III. Beka esleitu zitzaion Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako burua den Itziar Astigarraga ikertzaileari eta haren taldeari, Biocruces Institutuko haur-minbiziari buruzko ikerketa-taldeari. Lehen lanean, minbizia duten haur eta nerabeen infekzio larriak diagnostikatzeko markatzaileak aztertu zituzten. Bigarren ikerketan, berriz, pediatriako sarkomen diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua hobetzeko analisia landu dute. Azterketa guztiek haurren minbiziaren ikerketan egiten dute ekarpena, eta hori funtsezkoa da minbizia dutenen bizi-itxaropena handitzeko.