Bake epailea eta haren ordezkoa behar ditu Lezok
Interesdunek hamabost eguneko epea dute euren hautagaitzak aurkezteko, otsailaren 13tik hasita. Udalbatzak hartuko du azken erabakia.
Lezoko Udalak bake epailea eta haren ordezkoa izendatzeko prozesua abiatu du. Interesdunek, hilaren 13tik hasita, hamabost eguneko epea izango dute euren hautagaitza aurkezteko Lezoko Udaleko erregistro orokorrean. Hautagai izateko, hainbat baldintza bete behar dituzte interesdunek (behean daude), eta bake epaile izateko eskaera egiten denean baldintza horiek betetzen dituztela adierazi behar dute eskatzaileek, zinpeko aitorpen bidez.
Hautagaitzak aurkezteko epea bukatzen denean, udalbatzak erabakiko ditu bake epaile titularra eta haren ordezkoa, “legez ezarritako baldintzak betetzen badituzte”, udalaren arabera. Euren eskaeran, interesdunek egokitzat dituzten merezimenduak aurkezteko aukera izanen dute.
Honakoak dira hautagaiek bete behar dituzte baldintzak:
- Adinez nagusia izatea eta 2022ko urtarrilaren 1etik Lezon erroldatua egotea.
- Eskola graduatua edo baliokidea den tituluaren jabe izatea.
- EGA edo baliokidea den tituluaren jabe izatea.
- Botere Judizialeko Lege Organikoko 102 eta 303 artikuluek kargu judizialetako eta Bake Epailen ekainaren 7ko 3/95 Erregelamenduak, aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasun kasuetan barne ez egotea.