Bost tailer eskainiko dituzte Emakumeen Etxean, Eskola Feministaren barruan
Udaberriko programazioaren barruan bost tailer egingo dituztela iragarri du udalak. Martxotik maiatzera bitarte luzatuko dituzte saioak.
Udalak Eskola Feministaren udaberriko programazioa prest du dagoeneko, martxotik maiatzera bitarte bost tailer egingo dituztela iragarri dute. Guztietan izena emateko epea zabaldu dutela jakinarazi du udalak, hilaren 28ra bitarte.
Aurtengoan gai berriak lantzen dituzten ikastaroak eskaini nahi dituzte, eta ohikoak direnak mantenduko dituztela aurreratu dute, tartean, autodefentsa feministako eta brikolajeko hastapen tailerrak, “dagoen eskari handiari bide emateko” asmoz. Horrez gain, neska gazteentzako gunea martxan jarriko dute berriro, bisexualitateari eta lesbianismoari buruzko tailer batekin eta 16-18 urte bitarteko nerabeentzako autodefentsako beste batekin.
Ondorengoak dira tailer guztiak:
- Gure genealogia feministak: Tailer honetan, Euskal Herrian 70ko hamarkadatik aurrera izandako mugimenduaren inguruan ariko dira, “antolatzeko modua eta aurrera eramandako borrokak aztertuz”. Bi saio egingo dituzte: maiatzaren 11 eta 18an, 18:00etatik 20:00etara. Bi saioak euskaraz izango direla aurreratu du udalak.
- Irrintzi tailerra: Herriko emakumeak adierazpide hau hartu eta erabiltzera animatu nahi dituzte tailer honekin. Maitzaren 5ean izango da tailerra, 18:30etik 20:30era, euskaraz.
- Autodefentsa feminista tailerra: Eguneroko bizitzako eraso egoerei erantzuteko eta horiek konpontzeko mekanismoak irakatsiko dituzte. Apirilaren 1ean izango da saioa, goiz edo arratsaldez. Hirugarren hau gaztelera hutsean izango da.
- Oinarrizko etxerako brikolajea: Etxeko bizitzan autonomoagoak izatea eta oinarrizko brikolajeari buruzko nozioak ikastea du helburu tailer honek. Martxoaren 25ean egingo dute, goiz zein arratsaldez, gaztelera hutsean.
- Niretik neuretzat. Bizitzaren erdigune, ni neu: Aldaketa prozesu bati ekingo diote emakume partaideek, “gure bizitzaren erdigunean gu geu jartzeko, gure indarguneak eta dohainak ezagutzeko eta, hala, autonomia, gaitasuna eta segurtasun pertsonala areagotzeko”. Martxoaren 8tik maiatzaren 24ra hainbat saio egingo dituzte, asteazkenetan, 15:00etatik 17:00etara.
- Lesbianismoa eta bisexualitatea, badute zerikusirik nirekin?: 16-25 urte bitarteko emakumeentzako tailerra izango da, sexu joera horiei buruz gogoeta egingo dute, “zehaztasunez eta gertutasunez”. Apirilaren 1ean bilduko dira, 10:00etatik 14:00etara. Euskaraz emango dute tailerra.
- Autodefentsa feminista nerabeentzat, oinarrizkoa: 16-18 urte bitartekoei bideratutako tailer honetan erasoak identifikatzen ikasi, indarkeriaren jatorria eta eraikuntza aztertu eta haren ondorioak zeintzuk diren ikasiko dute. Maiatzaren 6an izango da tailerra, 10:00etatik 13:00etara, euskaraz.
Programa eta izena emateko bideak, lotura honetan kontsulta daitezke.