Memoria kolektiboan iltzatzeko bidegabekeria
Gaur beteko dira hogei urte ‘Euskaldunon Egunkaria’ Guardia Zibilak, Juan Del Olmo epailearen aginduz, itxi zuenetik. Egun haiek zuzenean bizi zituztenen lau testigantza jaso ditu ‘HITZA’-k.
Auzoan furgoneta susmagarri baten presentzia sumatu zuen Xabier Oleagak: atzeko partea guztiz itxita zuen; beti toki berean aparkatzen zuen, goizetan; bizpahiru eguneko boladetan bertan egoten zen… «Ondoan bizi ziren politikoki konprometituak ziren gazte batzuk, eta haiei esan genien ea ikusita zuten ibilgailua».
Furgoneta susmagarri hark, baina, ez zuen gazte haien arrastoa jarraitzen, Oleagarena baizik. 2003ko otsailaren 20an, 01:30 inguruan, etxeko atea kolpatu zioten. Bikotekidea altxatu zen: guardia zibilak ziren, leporaino armatuta. Kanoiak aurretik zituztela sartu ziren etxebizitzan, zarata handia sortuz. Baita orduan 9 eta 12 urte zituzten alaben gelan ere. «Gogorra izan zen haurrak testuinguru harekin esnatzen ikustea».
Behin gune segurua zela frogatuta, tratua «zuzena» izan zela esan du Oleagak. Euskaldunon Egunkaria-rengatik atxilotu zutela esan ziotenean —zuzendariorde izan zen 1994 eta 1996 artean—, biharamunerako aske geratuko zela uste zuen Oleagak. «Pijama jantzita nengoen. Ateratzerakoan izango nuen itxurarekin kezkatuta, jaka bat jantzi nuen. ‘Ez naute kriminal bat bezala aterako’», gogorarazi du. «Guardia zibil batek esan zidan zerbait erosoagoa janzteko, joango ginen tokirako arropa egokiena ez zelako. Amore eman nuen, eta erdibideko irtenbidea hartu nuen».
Oleagak ziurtatu du ez zuela espero Egunkaria-gatik toki hartara joan zitekeenik, are gutxiago bost egun haiek pasatuko zituztenik. Partaide ikastolen elkartera eraman zuten, orduko lantokira, hura arakatzera. Ordura arteko tratua «korrektoa» izan zen, Madrilera iritsi arte. «Gero jakin nuen emaztea hasi zela toki guztietara deitzen, nire atxiloketaren berri emateko, eta informazio gehiagoren eske».
Andoainen, zain
Axun Ertzibengoa eta Arantxa Iraola kazetari lanetan ari ziren Euskaldunon Egunkaria-n, eta Mikel Azkune administratzaile zen Ardatz enpresan.
Azkune eta Iraolak irratiaren bitartez izan zuten albistearen berri. Iraola: «Ohean nengoen, eta aitak esan zidan. Mariano Ferrerri entzuten ari nintzaion, eta ezin nuen sinetsi, eta gertuko pertsonak hasi zitzaizkidan deika. Neurria ezin hartuta nenbilen».
Ertzibengoa garaian haurdun zegoen, baina hasierako sustoa pasatuta, zerbait egin behar zuela erabaki zuen. Itsu-itsuan, Iraolak eta Ertzibengoak autoa hartu, eta Egunkaria-ren egoitzarako bidea hartu zuten, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera.
Azkunek gogoan du langileak nola bildu ziren parkeko espaloian, eta Martxelo Otamendi eraman zutela guardia zibilek, erredakziora, arakatzera. Ezin du ahaztu polizia erakundeko kideek egin zuten indar erakustaldia. «Ezin ginen erredakzioan sartu, ez genekien ezer… Tantaka iristen ari zitzaigun informazioa», gaineratu du Iraolak.
Elkarrizketak aurrera egin ahala, Azkune, Iraola eta Ertzibengoa ideiak ordenatzen ari dira, hara iritsi ziren orduak, informazio-iturriak eta abarrak adosten. Hitz egiteko moduagatik igartzen zaie tentsioa eta adrenalina gora-behera handiak izan zituztela 2003ko otsailaren 20an.
«Gauza bat da miatzea, arakatzea eta abar, baina ezinezkoa iruditzen zitzaigun itxiera», adierazi du Ertzibengoak. «Hamar atxilotu izan ziren, eta haietako batzuk guztiz ezezagunak zitzaizkigun», erantsi dio Azkunek.
Eguerdirako bukatu zuten Andoaingo egoitzaren miaketa. Hirurak bat datoz shock handiena eragin zien momentua zein izan zen: erredakzioko atea giltzarrapoarekin itxita ikusi zutenean.
‘Egunero’
Andoaingo espaloi hartan batzarra egin zuten, Zer egin? galderari erantzuteko. Lanak banatu zituzten han bertan, Ertzibengoak azaldu duenez: «Taldeka antolatu ginen: elkartasuna, erakundeekin harremana, herri-aktibazioa… Bakoitza bere lana egitera joan ginen, baina gauza bat argi geneukan: hurrengo egunean egunkaria atera behar genuen». Egin-en ondorengo Euskadi Información-en aurrekaria hor zegoen.
Ertzibengoari erredakzioan egotea tokatu zitzaion, politika saileko arduraduna zelako. Haurdun egonda, egoera hartan erredakzioan egotea ez zela komeni uste zuen. Imanol Muruak esan zion baietz, Egunero-ren bulegoan egon behar zuela, memoria ona zuelako eta 18/98 oso landua zuelako. «Egun hartan ez nintzen ezerekin gogoratzen!», brometan esan du Ertzibengoak.
Tolosako agerkari horren aterpe legala erabili zuten otsailaren 21ean kioskoetan egoteko. Izan ere, Iraolak nabarmendu duenez, «norbaitek» barne-lanketa egina zuen egunkaria itxiko balitz lanaren antolaketa egiteko.
Egunero zaharrak dituzte mahai gainean. Argazkiak begiratzen dituzte: elkarretaratzeak, erakundeen babesa… Tonbolak, kamiseta-salmenta eta kontaktuei deitzea ere aipatu dituzte. Intentsitate handiko egunak izan ziren duela bi hamarkadako haiek; otsailaren 20a eta aurreragoko egunak nahasten dituzte, oroitzapenak bururatu ahala.
Madril
Otsailaren 20an aleka-aleka jakin zituzten informazioak gero eta okerragoak zirela gogorarazi dute kalean bizitu zutenek: inkomunikazioa, Pello Zubiriaren osasun egoerari buruzkoa… «Ez zitzaigun iruditzen ezer egingo zietenik», esan du Iraolak. «Ez zitzaigun buruan sartzen», berretsi du.
«Benetan gogorrak izan ziren atxiloketaren bost egun haiek. Soto del Real kartzelara iristen zarenean badirudi hotel batera iristen zarela», esan du Oleagak. «Ikusten nuen nola ekartzen zuten Iñaki [Uria] arrastaka. Niri esertzen uzten zidaten ziegan, eta berari ez; niri fruta eta ura ematen zidaten, eta hari ez. Horietako batean, kristoren iskanbila sortu nuen, ‘Zer egin diozue Iñakiri?’ oihukatuz. Banandu gintuzten, eta Txema Auzmendirekin jarri ninduten. Noski, nik ez nekien han zegoenik…». Inma Gomilaren eta Pello Zubiriaren oihuak gogoratzen ditu; «muturreko egoeran» zeudela nabaritzen zen.
Gertakariak urruti uzteak umorerako lizentzia eman dio Oleagari. Bibotea kartzelan egon zenetik darama: «Bizarra neraman, eta kartzelan dutxatzeko aukera eman zigutenean, bizarra mozten hasi nintzen… Zikin sentitzen nintzen, kuartelean bizitakoa gainetik kendu nahi nuen. Hori bai, gero ez nuen arropa garbirik janzteko… Goitik beherako peto zuri bat eman zidaten, eta nik jaka grisa neukan. Nire itxura %100 patetikoa zen».
Zortzi hilabete eman zituen kartzelan, zer gerta zitekeen ez zekiela. «Hain da arbitrarioa… Ilegalizatutako alderdietako jendearekin kointziditu nuen, eta haiek ere uste zuten egun batzuk emango zituztela, eta urte eta erdi zeramaten! Pazientziarekin hartu behar zen».
Elkartasun uholdea
Euskaldunon Egunkaria ostegun goizalde batez itxi zuten, eta hurrengo larunbaterako manifestazioa deitu zuten Donostian, Antiguako tuneletik Bulebarrera bitartean. «Babes hori behar genuen, aurrera egiteko», dio Iraolak.
Ertzibengoak gogoan ditu babesak, batez ere beste komunikabide batzuetako jendearenak. «Eta ez naiz bost urte lehenago erredakzioan hartu genituen Gara-koez bakarrik ari», zehaztu du.
Azkunek nabarmendu du bi egunetan antolatu zela, eta babes uholdea lagungarri izan zela. Manifestazioan aurrean ziren Egunkaria-ko langileak, ikoniko bilakatu zen kamiseta urdinarekin. «Garrantzitsua izan zen Kontseiluak gidaritza hartu izana, eta oso transbertsala izatea», ebatzi du Iraolak.
Babes hain handia jasotzearen arrazoietako bat, Azkuneren ustez, «marra gorria» zeharkatzearena izan zen. «Jendeak pentsatu zuen ‘Hau egin badute, nora joan daitezke?’. Ideologia desberdinetako abertzaleak elkartu ziren han».
Oleagaren arabera, Egin itxi zutenean horrelako mobilizazioak egin izan balira, ez lirateke gerokoak etorriko. «Egunkaria-rekin bukatu ziren horrelako operazioak, nahiz eta gero Udalbiltza etorri zen. Egunkaria-ren epaiaren ondoren etorri zen Udalbiltzarena, eta orduan ere absoluziora iritsi ziren. Epaiketara arteko mobilizazio horrek guztiak eragotzi zituen ondorengoak, bertan behera utzi zuten Arantzazuko operazioarena kasu».
Prozesu hori guztia «eraikitzailea» izan zen Iraolarentzat. Gogoan du Egunero-n ohiko gaiak lantzen hasi zirenean «ilusioa» egin ziola. Lau hilabete iraun zuen Egunero-k, eta lau hilabetera sortu zen berria, baita hitza ere. «Oso hilabete trinkoak izan ziren: zegoena aurrera eramaten, berriak sortzen… eta asteburutan kamisetak saltzen», azaldu du Iraolak.
BERRIA aurrera ateratzeko ekintzak zerrendatzen joan dira, orduko lan militantean jarritako ilusio berarekin: akzioen salmenta; herriz herri joan zen photocall-a, Polaroid argazkiekin; Sagardo Egunean jarri zuten mahaia; herrietan sortu ziren elkartasun batzordeak…
Erantzuna tamainakoa izan zela gogorarazi du Azkunek, eta harpidedun erdaldun asko egon zirela BERRIA-ren lehenengo urtean. «Elkartasunez aritu ziren. Gero ez zuten harpidetza berritu, ez zutelako ulertzen…», esan du umoretsu.
Espetxetik ere sentitu zuten babes uholde hori, «geroago». Ziega barruraino ere iristen zen, Oleagak kontatu duenez: «Karta pila bat iristen zitzaizkigun. Gutxien jaso nituen egunean, dozena bat inguru. Gehienak, hasierako egunetan, 40-50».
Oleaga Orereta Ikastolaren lehendakaria zen garai hartan, eta haiek jokatutako papera eskertu du. «Ez zituzten zezenak hesitik ikusi. Erabaki zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuela ebatziko noiz izango dugun lehendakaria eta noiz ez».
Gainera, ikastolako ordezkaritza bisitan joan zitzaion, eta orduko ikasle askok idatzi ziotela. «Atera nintzenean, eskola programazioaren barruan, DBHko ikasleek elkarrizketak egin zizkidaten. Alegia, ikastola kontu horren parte izan zen; erabaki instituzionalak hartu zituen, hezkuntza-komunitate osoan eragina izan zutenak. Nire ustez, background hori guztia ez da datorren asteko ekitaldietan azaldu».
Bigarren sarekada
2003ko otsailaren 20 hartako pasarte ezezagun bat kontatu die Azkunek beste hiru solaskideei. «Abokatuak hartu ninduen, eta Urnietako parke aldera eraman ninduen, paseotxo bat ematera. Egunkaria-n sartu dira, baina enpresa asko daude, eta zu Ardatzeko administratzailea zara. Beste enpresetan sartzen badira, zu ere arriskuan zaude’. Mundua gainera erori zitzaidan momentu hartan. Egun hartan ez nuen etxean lorik egin».
Neurriak hartu zituen Azkunek hasiera hartan, baina egunerokotasunaren poderioz, ahaztua zuen abokatuak esandako hura. Zortzi hilabeteren ondoren gogoratu zen paseotxo harekin, urriaren 16ko goizaldean, armatutako guardia zibilek etxeko atea jo zutenean. Oleagaren antzeko prozesua izan zen. «Ni, baina, ez ninduen hain sorpresaz harrapatu».
Bera ere Andoainera eraman zuten, lantokira. Orduan zuen pixalarria ez du ahaztuko Azkunek. «Madrilera bagindoazen, komunetik pasa nahi nuen. Utzi zidaten joaten, baina guardia zibil bat nuen atzean. Horregatik, ez zitzaidan ateratzen. Autoan sartu, kaputxa jarri eta bidean joan ginen. Kafetegi batean geratu ziren, eta nik maskuria lehertzear nuen. Nire buruari esaten nion irits gaitezela, mesedez, iritsi behar garen tokira! Kalabozora sartu nintzenean, zein askapena».
Ezer fisikorik ez zuela pairatu adierazi du Azkunek, eta hirugarren egunerako bakean utzi zutela. Hori bai, egunero mortadela ogitartekoak ematen zizkioten. «Ez dut ordutik erosten». Bost eguneko atxiloaldiaren ondoren kalean utzi zuten, 12.000 euroko bermea ordainduta.
Oleaga aste pare bat geroago aske utzi zuten, azaroaren 3an. Egin zuen lehenengo gauza Arkaitza tabernara joatea izan zen, guardia zibilek, galdetegietan, esan baitzioten bera ez zela handik ibiltzen. «Tabernako Joneri esan nion denetik zegoela bere bezeroen artean…».
Iraolaren arabera, «gogorra» izan zen ez jakitea noiz bukatuko zen agerkaria eta inguruko enpresen kontrako operazio hura. Ez zen atxiloketa gehiago egon, baina luze jo zuen prozesuak. 2010ean absolbitu zituzten auzipetuak, baina auzi ekonomikoak —bigarren atxiloketa sortaren akuilua— 2015era arte iraun zuen. Hura artxibatu egin zuen Donostiako epaitegi batek.
«Desgaste» handia suposatu zuen, batez ere auzipetuentzako. «Epaiketari itxoiteaz gain, beste hainbat muga nituen: egunero sinatu behar nuen, kutxazainetik atera nezakeen dirua mugatua nuen… Gainera, ezin duzu ezer planifikatu. Erruleta bat izan zitekeen epaiketa», esan du Oleagak. Azkunek ere gogoan ditu muga haiek.
Beraien burua kalte-ordainak eskatzeko indarrik gabe ikusi zuten, Oleagaren arabera, sententziak «ongi zaindu» baitzuen balizko bide hartzea. «Oso interesgarria izan zen epaileen erabakia, esaten baitzuen ez zela frogatu gure erruduntasuna, ez errugabeak ginela. Gainera, helegitearen bidea luzea eta gogorra izango zen, eta edozein emaitza izan zezakeen». Orain arantzatxo bat duela aitortu du.
Lortu dezaketen «kalte-ordain bakarra» da euskal gizartearen «memoria kolektiboan» kontserbatu behar dela hori guztia. «Ematen du euskararen kontrako erasoak Francorekin gelditu zirela, baina ez da hala». Gainerako solaskideek buruarekin baietsi dute.
Euskal Herrian Egunkaria-ri eskainitako kalerik ez dagoela azaleratu du Oleagak. «Hura ez zen Egunkaria-ri egindako eraso eta iraina bakarrik izan, Euskal Herri osoari baizik. Ez dakit zergatik ez zaion garrantzia ematen».
Ertzibengoak gehitu duenez, Orereta Ikastolan artean jaio ez ziren gaztetxoekin egiten ari diren lanketak «garrantzitsuak» dira. «Horren berri eta testigantza lantzea garrantzitsua da, eta hemendik aurrera, sikiera, Egunkaria eta Egin izenak ezagunak egingo zaizkie».
Xabier Oleaga: «Prozesu graduala izan zen. ‘Egin’ eta Egin Irratia etorri ziren lehenengo»
Milurte hasiera iluna izan zen euskal abertzaletasunarentzat. Egunkaria ixtearen Oleagak puntu horretaraino nola iritsi ziren azaldu du: «ETAk 1997an Miguel Angel Blanco hiltzen du. Sufrimendu haren ondorioz, PPren ingurura hurbilketa sozial handi bat eman zen».
Oleagaren esanetan, PP «inoiz utzi ez duen frankismotik» zetorren, eta «homologazio demokratikoa» behar zuen. «Atentatu asko egon ziren, eta demokraziaren eremuan ezer egin gabe, babesa lortu zuen PPk».
Oleagak PPren barne dokumentu bat du, «iturri erabat fidagarri batek helarazitakoa», Bilbon egin zen bilera batekoa. Hogei lerroko analisia du, helburu argiarekin: «Hau da momentua nazionalismoaren bila joateko».
Abertzaletasunaren kontra egiteko zuten tresna Lege Antiterrorista zen, eta doktrina bat finkatu zuen epaile bat, Felipe Gonzalezekin «minduta» zegoena: Baltasar Garzon. «Prozesu graduala izan zen: Egin eta Egin Irratia etorri ziren lehenengo. Ez zen ezer gertatu, eta jarraitu zuten».
Egunkaria-ren kontrako operazioa Guardia Zibilak egin izatea kasualitatea ez zela azpimarratu du. Ordura arte Espainiako Polizia izan ohi zen horrelakoen arduradun. «Epaiketan jakin zenez, Guardia Zibilaren orduko komandanteak hartu zuen Egunkaria ixteko erabakia». «Homologazio» hitza erabili du berriro, eta agerkariaren kontrako operazioak ETAko komando bat atxilotzen zutenean bezalatsu jokatu behar zutela, «eszenifikazioarekin kalean, eta barruan egurra emanez».