Hasi dira Meipiko igogailu berriaren lanak
Lezo Bideko igogailu berria eraikitzeko zonaldea prestatzen ari dira jada, eta espero dute abuzturako erabilgarri egongo dela.
Donibaneko Meipi auzoko igogailu berria eraikitzeko lanak hasi dira jada, eta Loreto Osa Hirigintza zinegotziak ziurtatu du uda hasierarako erabilgarri izango dela garraio bertikala. Osa asebete mintzatu da, sinetsita baita igogailu berria “oso urrats garrantzitsua” dela goiko auzoetako irisgarritasuna hobetzeko.
445.891 euroko aurrekontua (BEZa barne) dute Lezo Bideko lanek, eta sei hilabeteko egikaritze-aurreikuspena. Epeak beteko balira, beraz, abuzturako prest legoke sanjuandarrentzako igogailu berria.
Bide gorabeheratsua izan du proiektuak, eta zinegotziak aitortu du “oso gogor” egin behar izan dutela lan obra esleitu ahal izateko. Bide berean jarraitzeko konpromisoa berretsi du EAJren alkategaiak: “Pasaiako irisgarritasuna hobetzen jarraitu behar dugu, herritarrei azpiegitura onenak emanez, haien mugikortasuna segurua izan dadin”.