[Galeria] Lezoko fauna (eta flora), Larunbatgorriko kalejiran
Herriko ikastetxeetako guraso elkarteek eta Txirbillak antolatutako kalejirak herria zeharkatu, nagia uxatuz eta arratsaldeko giroa piztuz.
Larunbat arratsaldeak siestarako aproposak izan ohi dira, baina inauteriak dira, eta festa giroak ezin du hondorik jo.
Lezo Herri Eskolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko guraso elkarteek elkarlanean, Txirbilla aisia taldeak girotuta —zeintzuek laster kamisetak salgai jarriko dituzten, beren jarduera finantzatzeko—, Larunbatgorriko kalejira egin dute gaur arratsaldean.
Txirbillako bakaletek ireki dute orotariko pertsonaiak izan dituen desfilea, Hemendik At!-en fanek musika pintxatuta. Ziur gauean Tiñel… Jennifer diskotekan bukatuko dutela, milurteko hasierako gaueko faunari gorazarre eginez.
Garai hartan hain ohikoak ziren gomazko piloten nostalgiko batek ere bat egin du segizioarekin, kasko gorri eta peloteroa-rekin.
Kolore eta mota askotako mozorroak ikusteko aukera izan da: mexikarrak, zirkua, Lezoo, erleak (eta loreak), andaluziarrak, Korrikaren lehenengo ekitaldiaren revival-a, ostiak eta kalimotxoa banatzen ari zen apaiza…
Arratsaldea majo girotuta utzi dute (txokolate jatearekin bukatu dute), eta festak segida izan du Piztu Lezoren karro-poteoarekin. Egitarauak honela jarraituko du gaur:
- 20:30. Gurutze Santuaren plazan, Piztu Lezoren mozorro festaren aurkezpena.
- 21:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, mozorro afari herrikoia.
- 23:30. Elektrokela elektrotxaranga.