25 urte Antxon Alonso gabe
Otsailaren 19an bete dira 25 urte 'Antxon Mogollon' izengoitiarekin ezaguna zen mendizalea Txileko Paineko Dorreetan hil zela.
Atzo, igandea hilak 19, bete ziren 25 urte Antxon Alonso Susperregi Txileko Patagonian hil zenetik. Mendizalea zen, eta Paineko Dorreetako nagusia jaisten ari zela, arroka eta elur erauntsi batek harrapatu zuen. Gaizka Razkin donostiarra berarekin batera hil zen.
Espedizioko gainontzeko partaideek —Martin Zabaleta, Andoni Arizaga, Josetxo Rodriguez eta Gerardo Telletxea— ez zuten ezbehar pertsonalik izan.
Garaiko kronikek diotenez, bero handia ari zuen, eta horrek izotza urtu zuen, eta istripua eragin. Espedizioak bi aste eman zituen gailurra egin eta jaisteko.
Bordaxarren jaioa
Alonso 1958ko urtarrilaren 19an jaio zen, Urkabeko Bordaxar baserrian. Zortzi senideetan zazpigarrena zen. Lau urterekin joan ziren Errenteria-Oreretara bizitzera.
Gaztetatik izan zen kirolzalea. Hamalau urterekin hasi zen garaiko Peña Lasa taldean lehiatzen. 16 urterekin Gipuzkoako Gazte Mailako txapelketa irabazi zuen Alonsok.
Aurreraxeago, bizikleta utzi eta mendirako zaletasuna piztu zitzaion. Santa Barbara (Hernani) eta Eginoko (Araba) eskalada eskoletan eman zuen izena.
Mendizaleen munduan Antxon Mogollon ezizenarekin ezagutzen zuten, eta hainbat bide ireki zituen: Santa Barbaran, Irurtzungo Biaizpetan, Etxaurin, edo izotzetan, Gaubeko korridorean.
Horrez gain, Oiartzungo parrokiako tximistorratza anaia Felixekin batera jarri zuen, duela 30 urte.
1998ko otsailaren 28an egin zuen, Errenteria-Oreretan, Alonsoren oroimenezko hileta. Oiartzun urtekariaren 1998ko zenbakian Jaione Ugaldeberek jasotzen duenez, bertso hauek kantatu zizkioten bere lagunek:
Mendi tontorra, zure laguna
bilakatu zaizu etsai,
eta lagunak gaur triste gaude
ez gaude batere lasai,
baina begiak itxi orduko
ikusten zaitugu alai,
mendi-gailur berrien zai
eta bizi-pozetan blai,
besterik ez zenuen nahi…
Gaurtik aurrera mendi guztiak
zuretzako dira zelai,
bizia mendiak eman dizu
bizia kendu ere bai.
Antxon Alonso, txori alaia,
kirolzale sonatua,
gaztetandikan maite izan duzu
mendiaren arriskua,
bazenekien nolakoa zen
mendi-gailurren kantua,
Yosemiten enkantua,
mendi-horma sakratua,
arriskuaren patua…
Paineko Dorre zerutiarra,
Dorre madarikatua!
Kanturik gabe utzi diguzu
Oarso aldeko kukua