'Egun oro' aldizkaria, kalean
'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera bizi izan zutenei hainbat elkarrizketa egin dizkiete Orereta Ikastolako eta Oiartzo Batxilegoko ikasleek argitalpen honetan. 'Egunero'-ren tankerako diseinua du.
Gaur hasi dira banatzan Egun oro aldizkaria. Euskaldunon Egunkariaren itxiera gogora ekartzeko Orereta Ikatolak abiatutako egitasmo honek argia ikusiko du gaur. DBH 2. mailako eta Oiartzo Batxilergoko ikasleek sortutako zortzi orriko aldizkari hau “bere tamainan mugarri” izango dela azaldu dute ikastolako iturriek, Egunkariaren itxieraren eta emandako erantzunaren inguruko informazioa bildu baitute. Eguneroren tankerako diseinua du. Honetan, hainbat elkarrizketa egin dizkiete ordukoa bizi izan zuten protagonistei. Orotara, 5.000 ale banatuko dituzte.
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren harira (atzo bete ziren 20 urte itxiera eta atxiloketetatik), Kilometroak 23k hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetarako. Atzo abiatu zuten egitaraua, Imanol Murua Uria kazetari eta EHUko irakasle eta ikertzaileak Egunero behar genuen liburua aurkeztu zuen Lekuona Fabrikan.
Honakoa da datozen egunetarako antolatu dituzten ekitaldiak:
- Hilak 22 (asteazkena): Paperezko hegoak dokumentala proiektatuko dute Niessen aretoan, 19:00etan. Egunkariaren itxiera azaltzeko egindako lana da, 2021ean estreinatutakoa, Samara Velte eta Josu Martinezek egina. Itxiera eragin zuen polizia operazioaren atzean zer egon zen ulertzeko gakoak ematen ditu bikoteak. Proiekzioaren ondoren hainbat auzipetuk solasaldia egingo dute bertaratutakoekin.
- Hilak 23 (osteguna): Arkaitza, Desira eta Zuzen tabernen parean, txandaka, Egunkariaren itxieraren gaia landuko dute, “modu artistikoago eta sortzaileago batean”. Lehenik, Axun Ertzibengoa eta Arantxa Iraola kazetariek itxieraren gaineko gogoetak partekatuko dituzte, Arkaitz Minerek biolina jotzen duen bitartean. Entzundakoa erantzungo du musikariak. Arkaitzan 19:00etan ariko dira; Desiran 19:30ean; eta Zuzenen 20:00etan. Bigarrenik, Joxe Mari Karrere istorio kontalaria Ibai Maritxalar ilustratzailearekin batera ariko da. Egunkaria babesteko gizartean sortutako mugimenduaz ariko dira, aipatutako hiru tabernetan (Desiran 19:00etan; Zuzenen 19:30ean; eta Arkaitzan 20:00etan). Hirugarrenik, Aitor Zorzanok eta Gema Inesek musika saioa emango dute, Zuzenen 19:00etan, Arkaitzan 19:30ean, eta Desiran 20:00etan.
- Hilak 24 (ostirala): Kantu bat gara ikuskizuna taularatuko dute Lekuona Fabrikan, 19:30ean. Jon Maia Soria bertsolariak bidaia bat proposatuko die herritarrei, kantez bidez. Euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi berezi bat bilatzen du kantutegi honetan Maiak. Saio honetan, gainera, Egunkariaren itxierari ere erreferentzia egingo dio, aparteko izaera emango dio emanaldiari. Sarrerak hemen eskura daitezke jada.
- Hilak 24 (ostirala): Esmalteriako Ostiraletan izeneko saioen barruan, Egunkariaren itxieraren eta Berriaren sorreraren inguruko saio berezia antolatu dute hileko azken ostiral horretarako. 17:00etan bilduko dira haur eta gurasoak.