Herriko gaztetxo eta nerabeekin parte hartzea nola landu aztertuko dute
'Nerabezaroaren kultura' izeneko tailerra eskainiko dute martxoaren 14an. Kuadrillategi eta ludotekako kideek parte hartuko dute, baina irekia izango da.
Oiartzungo Udalak, Oinherri elkartearekin elkarlanean, Nerabezaroaren kultura izeneko tailerra antolatu du. Datorren martxoaren 14an (asteartea da) izango da, udaletxeko pleno areto nagusian, 17:00etan. Bi orduko iraupena izango duela aurreratu dute.
Aisialdian herriko gaztetxo eta nerabeekin aritzen direnen kezka batetik abiatuko egitasmoa dela azaldu du udalak, hauen artean parte hartzea nola landu aztertu nahi dute. Horregatik Kuadrillategi eta ludotekako kideak parte hartzera gonbidatu dituzte, baita bestelako egitasmoetan gazte zein nerabeekin aisialdia lantzen duten herritarrak ere.
25 plazako tailerra izango da, beraz, izena eman beharko da. Lotura honetan egin daiteke.