Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketa, oso lezoarra
Dena prest dute antolatzaileek igandeko bederatzigarren ediziorako. Ander Iñarra omenduko dute, eta Amezti lagunduko dute.
Igandean izango da Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren bederatzigarren ekitaldia. 10:00etan aterako dira Gurutze Santuaren plazatik 350 lasterkariak, eta ordubetearen langa hamar minutuz gaindituta dagoenean hasiko dira lehen kirolariak irteera puntuaren toki berberean izango den helmugara iristen, hamalau kilometro egin ondoren (1.200 metroko desnibel metatua). Oso lezoarra izango da aurtengo lasterketa, batetik, inoiz baino herritar gehiagok eman dutelako izena; eta bestetik, Ander Iñarra goi mailako mendiko lasterkaria omenduko dutelako, eta dortsal bakoitzeko elkartasun euroa Lezoko Amezti Basoak Bizirik Jaizkibel taldearentzat izango delako. Datu bat: antolatzaileek hartzeko jarri zituzten 350 dortsalak 58 minutuan agortu egin ziren. Hau da, 2023ko urtarrilaren 1eko 00:59an ez zen jada dortsalik.
Dortsalen jabeei erreparatuta, antolatzaileak faboritoen edo “izen handien” zerrenda egitera ausartu dira. “Aurten ere, lasterketak izen handiko korrikalariak izango ditu Jaizkibelen gora. Emakumeetan, besteak beste Marina Gonzalez, Ainhoa Belzunegi, Ane Fernandez, Iratxe Etxegoien edota Iera Urretagoiena. Gizonezkoetan Iker Oliveri, Amets Aranberri, Jon Ugalde, Iñigo Gurrutxaga, Mikel Oliveri, Oier Arraztio, Raul Artola, Eneko Iñarra, edota Carlos Garcia izango ditugu irteeran”. Horien eta beste guztien artean banatuko dituzte sariak (12:00etan), eta lasterketa eder hori egin izanaren gozamena. Sariak, honakoak:
- Emakume eta gizon irabazleentzat: txapela, trofeoa, eta Donostiako Apalategui dendan baliatzeko 150 euroko bonua.
- Bigarren eta hirurren gizon eta emakumeentzat: Lezoko produktuekin osatutako saskia.
- Lezoko lehen emakumea eta gizona: herriko jatetxe batean bina afari.
- Suebakiko igoeran azkarrenak (emakumea eta gizona): sari berezia.
Lasterketa, zenbakietan
Antolatzaileek hainbat datu interesgarri eman dituzte. Bat, lasterketaren punturik baxuena 18 metroan dela, eta altuena 543an (Allerru gaina). Probaren lehen zatia da gogorrena, hasierako zazpi kilometroak malda gorakoak direlako, ondoren, Jaizkibeldik herrirantz beherako bideari ekiteko. Lezoko tontor bereziak zeharkatuko dituzte dortsaldunek: Allerru, Ixkulin eta Tiñelu, adibidez.
Korrikalariei erreparatuta ere hainbat datu eman dituzte. Bat, oso poztekoa: gehienak lezoarrak izango dira, 85 orotara. Lasterkarien jatorriaren araberako zerrendan bigarren errenteriarrak dira (48), irundarren (44), donostiarren (40) edo hondarribiarren (37) aurretik. Pasaitarrak zortzi dira, eta oiartzuarrak 11. Beraz, esan daiteke partaide gehienak Oarso Bidasokoak direla. %90 dira gipuzkoarrak. “Lezoar partaideen errekorra hautsi da aurten”, esan dute probaren gidariek.
Elkartasun lasterketa
Urtero, elkartasun helburua izaten du Lezo-Jaizkibelek. Saltzen den dortsal bakoitzeko euro bat eragile edo talde jakin bati ematen diote. Aurten, herrira begiratu dute keinua egiteko: Lezoko Amezti Baso Biziak Jaizkibel taldeari emango diote diru etekin hori. Hala azaldu dute euren egitekoa Ameztikoek, betiere auzolanean oinarritutako jarduerekin: “Bertako basoa berreskuratzea da gure asmoetako bat. Jaizkibelen kasuan, ameztia da berezko baso nagusia, nahiz eta horien arrasto txiki batzuk besterik ez diren gelditzen. Hala ere, erreka bazterretan haltzadiak eta eremu batzuetan hariztia ere hazi beharko lirateke. Gainera, basoen garrantziaren inguruko eta bertako basoa berreskuratzearen garrantziaren inguruko pedagogia egin, eta herritarrengan, kudeatzaileetan eta erabakiguneetan eragitea. Orain arte auzolanean berreskuratutako eremuei eta lanari jarraipena ematea ere dugu asmo”.
Ander Iñarra
Urtero, aldi berean, Lezoko kirolari bat omentzeko ohitura dute antolatzaileek. Aurten, aurkezpen handirik behar ez duen Ander Iñarrari egingo diote gorazarre igandean. Eliteko kirolean triatloian hasitakoa, zazpi urte dira mendirako jauzia egin zuela, eta Euskal Herriko trail korrikalaririk onenetakoa da egun. Aurtengorako, ordea, goi mailatik atseden hartzea erabaki du, eliteko kirol ez profesionalak bere bizitza pertsonalean izan duen eraginetik aldentze aldera. Bi datu: Lezo-Jaizkibel lautan irabazitakoa da Iñarra, eta ibilbidearen errekorra harena da. Noski, mundu mailan aritutakoa da 31 urteko lezoarra, eta adibidez Munduko Kopan goi-goian ibilitakoa da azken urteetan. Igandean, ziur, bide bazterren batean laguntzen ari dela txapeldun handia.
Alex Txikon
Antolatzaileak beti saiatzen dira Lezo-Jaizkibel egun bakarrera ez mugatzen, mendiaren eta konkretuki Jaizkibel mendiaren, horren kontserbazioaren, eta dituen balioen ohartarazpenean lan egiten dute. Noski, lasterketaren egunean bertan, hondakinak mendira botatzen dituztenak kaleratuak izango dira. 100dik gora pertsonako boluntario izango dute lanean igandean, dena zaintzen, eta denak zaintzen
Lasterketaren eragina egun bakarrera ez mugatze horretan, aurten ere Lezo Mendi Film egingo dute. Hala, hilaren 23an (ostegunean), Alex Txikon goi mailako alpinista eta herri kiroletan iaioak hitzaldia emango du, 19:30ean hasita, Gezala Auditoriumean. Doan da, aretoko eserlekuak bete arte.
Aurtengo Lezo-Jaizkibelek badu berritasun bat: haurren lasterketak, igandearekin egin beharrean (nagusien probaren egoera) larunbatean izango dira. Beraz, hilaren 25erako 0-12 adin tartekoek euren Lezo-Jaizkibel bereziak egingo dituzte.
Lasterketak 17:00etan hasiko dira. Izen ematea 16:30ean zabalduko dute, bi euroan. Bertan bildutakoa Amezti taldearentzat izango da.