Izaskun Gomezen hauteskunde programan, "entzute aktiboa" ardatz
Herritarrei "ahotsa eta protagonismoa" emateko prestutasuna adierazi du PSE-EEren hautagaiak. Posta elektronikoa ahalbidetu dute horretarako.
Izaskun Gomez egungo Pasaiako alkate eta PSE-EEren hurrengo hautagaiak prentsa ohar bidez adierazi du “entzute aktiboa” izango duela ardatz maiatzaren 28ko udal hauteskunde programan. Herritarrei “ahotsa eta protagonismoa” emateko prestutasuna adierazi du udalburuak, “haien kezkekin bat eginez eta eskaera zehatzak jasoz”.
Alderdiari buruz ere mintzatu da, esanez PSE-EE “erabat murgilduta” dagoela pasaitarrek proiektu sozialistan parte har dezaten bultzatzeko. “Nire helburua da pasaitarren ideiak gure hauteskunde programaren abiapuntu izatea, Pasaia guztion artean egiten baitugu, egunero, gure etxeetatik, gure kaleetatik, auzoetatik”.
Alde biko komunikazioa ahalbidetzeko bi bide irekiko ditu Gomezek: jada etxe guztietara postontziz bidaltzen ari diren inprimaki bat eta posta elektronikoa. Ekarpenak egitera bultzatu ditu bizilagunak: “Pasaiarentzat garrantzitsua den edozein ekimen, kezka, kexa, ideia edo iradokizun bertatik bertara ezagutu nahi dut, argi baitut pasaitarrak direla beren auzoak behar duena ondoen ezagutzen dutenak”.