Udala, «sendo» Aralar kalean 52 etxebizitzak eta anbulatorioa egiteko egitasmoaren alde
Lezoko Udalak, gobernu taldeko kideek bitartez, adierazi du “sendo” jarraitzen duela Aralar kaleko (Ijurko aldera) zuzkidurazko 52 bizitokiak eta anbulatorio berria barnebilduko dituen egitasmoaren alde. “Egungo gobernu taldearen lanari eta ekimenari esker, herriaren beharrei erantzungo dion anbulatorio berri bat ere eraikiko da bertan. Obra amaitzen denean, onura asko ekarriko dizkio herriari”, esan dute gobernukideek. Erakina egiteko ardura Jaurlaritzarena da, lur eremua Lezoko Udalak jarri duelarik 2009an sinatutako hitzarmen baten arabera.
Zentzu horretan, udalkideek adierazi dute lanak berriz ere lizitatu behar izan zirela horiek hasi berritan “eraikuntza materialen garestitzeak eragindako gainkostuaren ondorioz”. 2022ko abenduaren 5eko lur-jausiari buruz esan dute “jada kontrolpean” dagoela. “Udalak inguruko bizilagunen eragozpenak eta ziurgabetasuna ulertzen ditu; izan ere, obrak hastean aparkatzeko plazak kentzeari, luizia eta horren ondorioz egindako egonkortze lanak gehitu behar izan zaizkiolako”. Horren harira, udalak zehaztu du Aralar kaleko 3-5 atarietako bizilagunen elkargoko presidenteak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariaren gutuna jaso zuela, txosten batekin.
Hala, Jesus Mari Martiarena alkateak (EAJ) iragarri du hango obrak berriz ere hasten direnean “araudi guztiak zorrotz beteko” direla, eta udal teknikariak obra ikuskatzen izango direla. Era berean, ez dago ados EH Bilduk proiektu horren beharra zalantzan jarri izanarekin, “proiektuak inguru horretan izango lukeen eragina oinarri hartuta. Izan ere, hitzarmen hori sustatu eta sinatu zen udala ezker abertzaleak gobernatzen ari zenean, eta hauteskunde-kanpainetan alderdi politiko horrek proiektuaren balioa nabarmendu zuen”.
Joxean Sanchez PSE-EEren eledun eta gobernukidearen esanetan, udalerriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo diete bertan egingo diren etxebizitza eta anbulatorioak, “ez da proiektu honi oztopoak jartzeko unea”. Gainera, etxebizitzen banaketaren gaineko argibideak eman ditu: “lezoarrei zuzendutako apartamentuak 10 baino ez direla esatea ez dela zehatza adierazi behar da; aitzitik, 52 apartamentuak lezoarrei zuzendutakoak izango dira eta apartamentu libreak geratzen badira bakarrik irekiko dira udalerri mugakideetara”.
Gobernukideak ziur dira Aralar-Ijurkoko eraikinak “erantzun eraginkorra” emango diola Lezon etxebizitza eskuratzeko dauden arazoei, “batez ere lehentasunezko kolektiboei, hala nola lezoar gazte askori. Gazteentzako alokairuzko apartamentuen sustapen horrek emantzipazioa erraztuko die”. Gainera, udal gobernuak adierazi du bertarako aurreikusia dagoen anbulatorioa, egungoaren adina hiru izango dela.