Adin txikikoen kontrako indarkeriari aurre egiteko protokoloa sortu du Touring KEk
Protokolo honen bidez "hausnarketa, sentsibilizazioa eta prestakuntza lan bat" egin nahi dute, "klubeko eta ingurukoen artean heziketa bultzatzeko".
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/02/flunl48wyaimlxe.jpg)
Touring KEk protokolo bat sortu berri du, “adin txikikoen kontrako indarkeriaren aurrean jarduteko eta jazarpen eta abusu sexuala prebenitzeko” asmoz. Realak kirolean haur eta nerabeak babesteko eta sexu jazarpena eta abusuak prebenitzeko gidatutako JOKO OK programa honetan aritu da lanean kluba azkenaldian.
Protokolo honen bidez “hausnarketa, sentsibilizazioa eta prestakuntza lan bat” egin nahi dute, “klubeko eta ingurukoen artean heziketa bultzatzeko”. “Hezkuntza da jokabide desegokiak prebenitzeko giltza”, diote klubeko iturriek.
Klubeko kide guztiek posta elektroniko bat eta telefono zenbaki bat izango dute eskuragarri aipatutako egoeraren bat ematen bada. Norbaitek jazarpen edo abusu horiek pairatu dituela jakinez gero, edo jokabideren baten inguruan zalantzak izanez gero, klubak izendatutako babeserako ordezkariarekin harremanetan jarri ahalko dira biktimak.