Hilak omentzeko eguna ospatuko dute martxoaren 18an
Abaraxka Ludotekak inkesta zabaldu du, herritarrek egunaren antolaketan parte har dezaten. Martxoaren 18an 16:30etik aurrera elkartuko dira, Ibargainengo lorategian.
Abaraxka Ludotekak hilak omentzeko festa antolatuko du aurten ere. Duela bi urte, 2021eko martxoan landatu zuten Abaraxka Udal Ludotekako kideek lehen intxaurrondoa Ibargainengo lorategian. Ale hori Pirritx, Porrotx eta Marimototsek jarri zuten.
Aurten martxoaren 18an, larunbatean, ospatuko dute festa, arratsaldeko 16:30etik aurrera, Ibargain lorategiko intxaurrondoaren aurrean. Antolatzaileek herritarrek festaren antolaketan parte hartzea sustatu nahi dute. Horretarako, omenaldirako proposamenak jasotzeko inkesta zabaldu dute, bakoitzak eskaini dezakeena, musika gogokoa eta bestelakoak jasotzeko.
Hartara, bilera egingo dute astebete lehenago, martxoaren 11n, jasotako erantzunak aztertu eta eguneko egitaraua zehazteko. Bilera 16:30ean hasiko da, Abaraxka Udal Ludotekan.