Udalak Ipintza industrialgunean garbiketa lanak egin ditu
630 kilogramo isuri jaso dituzte, eta hesien bidez Bakarraiztegi erreka inguruko baso- eta berde gunea babestu dute.
Lezoko Udalak garbiketa lanak egin ditu berriro Ipintza industrialdean. Urzain Taldeak egin ditu lanok, eta garbiketak 300 metro inguruko zuzen batean egin dituzte, Bakarraiztegi errekara doan Txatxamendi kaleko aparkalekuaren inguruan. Hondakinak jaso, hesitik bi metro inguruko sastrakak kendu eta hesiaren 6 metro inguru konpondu dira.
Orotara, 630 kg hondakin inguru jaso dituzte. Horien artean, 150 pintura-pote baino gehiago, plastikozko ontzien 100 litroko 15 poltsa, beirazko 32 botila eta metalezko 70 lata jaso dituzte.
Hondakinak kendu ondoren, hesitik berdegunerantz doan 2 metroko zerrenda bat soildu da, eta 6 metroko hesi-zati bat konpondu da ere. Horrela, espaloia berdegunetik bereizi dute. Izan ere, Bakarraiztegi errekaren eskuinaldean dagoen baso eremuak ingurumen balio handia du, eta Lezoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean babes maila gorena du.
Joxean Sanchez Ingurumen zinegotziak “ingurumen-erantzukizuna, osasungarritasuna eta paisaiaren estetika” lanen funtsa izan direla azaldu du. Era berean, horrelako isurketak “debekatuta” daudela gogorarazi du, eta udalarentzat gastu gehigarria direla.