AIAk mural berria aurkeztu du
Ugaldetxoko Atamitx bidegurutzeko bidegorri ondoko eraikinean egin du Alaia Gaztelumendi 'Alaiart' artista oiartzuarrak.
Aska Itzank Animaliyak (AIA) taldeak gaur goizean aurkeztu du Ugaldetxoko Atamitx ondoko bidegurutzean egindako mural berria. Obra Alaia Gaztelumendi Alaiart artista oiartzuarrak egin du bidegorri ondoko eraikinean. Egileak berak eta AIAko Lide Trekuk muralaren xehetasunak azaldu dituzte gaur goizean.
Trekuk jakinarazi du AIAk “Oiartzunen presentzia” izan nahi duela eta “herriaren ehunetan” sartzen saiatu direla. Lanean daramaten denboran, “bide ezberdinetako” aldarrikapenak jorratu dituztela nabarmendu du taldeko kideak. Oraingoan zerbait margotzeko asmoarekin zeuden, zerbait artistikoa egiteko gogoz, eta Alaia Gaztelumendi herriko sortzaileari proposamena luzatu zioten, murala margotu zezan. “Herrian presentzia fisiko bat izatea ere bilatzen genuen muralarekin”, jakinarazi du Trekuk.
Alaiart-ek azulejoa baliatuz sortu du eraikineko murala, eta argi azaldu du AIAk aldarrikatzen duena irudikatu nahi zuela: “Animaliak festetan ez erabiltzeko ideia”. Murala duela pare bat aste bukatu zuela adierazi du artista oiartzuarrak, eta esan du, AIAko kideekin egun batez muralean lanean aritzeko aukera izan zuela.
Trekuk eta Gaztelumendik aitortu dute murala egiteko leku “ikusgarri eta bistan dagoen” bat aukeratu nahi zutela: “Hainbat aukera genituen, baina denetan aproposena hau iruditzen zitzaigun. Bidegorrian bertan dago, bistan, eta jende asko pasatzen da bertatik”. Gaztelumendik, gainera, beste arrazoi bat erantsi du, AIAren filosofiarekin ere bat egiten duena: “Interesgarria izan da murala eraikin honetan egitea. Bertan egiten den lana baratzeari lotutakoa da eta dituzten animaliak oso ondo zaintzen dituzte, kanpoan ibiltzen dira”.
Trekuk zehaztu du AIAk argi zuela ez zutela “ohiko aldarria” egin nahi; izan ere, azaldu du muralaren helburua dela “jendeak planteatzea horren atzean zer dagoen”. Bien bitartean, euren aldarria mantentzen jarraituko dutela argi esan du Trekuk: “Gure aldarria da tradizioak mantentzea kalterik sortu gabe. Kultura aldatzen eta eraldatzen den gauza bat da, momentuko egoeretara egokitu behar dena”.