Landetxe, ateak zabaltzeko prest
Hilaren 10ean inauguratuko dute eraikin berria. "Herriko bizitza eraldatuko duen espazio" honi ongi etorria egitera animatu dituzte oiartzuarrak.
Dena prest Landetxe eraikin berriaren inauguraziorako. Datorren hilaren 10ean (ostirala da) zabalduko ditu ateak estreinakoz. Udalaren arabera, “hainbeste urtez amestutako proiektuaz gozatzen hasteko” unea heltzear da.
Herriko “behar estrategiko nagusiei erantzuna emango dien” eraikina izango dela erantsi dute udaleko iturriek. Kultur aretoa, jubilatuen egoitza eta euskalgintzaren elkargune nagusi izango da Landetxe. “Herriko bizitza eraldatuko duen espazio” honi ongi etorria egitera animatu dituzte oiartzuarrak. Egitarau oparoa prestatu dute irekierarako, ondorengoa da:
- Hilak 10 (ostirala): 18:30ean irekiera ekitaldia egingo dute. Gonbidapena eskuratu beharko da aurretik; 19:00etan, berriz, Herria da antzokia artekintza kolektiboa izeneko emanaldia eskainiko dute. Hitza, musika eta antzerkia uztartuko dituzte saio ireki honetan.
- Hilak 11 (larunbata): 11:00etatik 13:00etara eraikinak ateak zabalduko ditu, txoko guztiak ezagutzeko aukera izango da. Herritarrei irekia izango da bisita; 13:00etan, berriz, luntxa egingo dute Landetxeko taberna berrian; azkenik, 19:00etan, Irati filma proiektatuko dute kultur aretoan (sarrera erosi beharko da).
- Hilak 12 (igandea): Kukai Dantza Taldeak Hnuy illa ikuskizuna taularatuko du kultur aretoan (sarrera erosi beharko da).
- Hilak 14 eta 15 goizean (asteartea): LHko haurrei bisita gidatua egingo die Lur Kortak.
Ikuskizunetarako sarrerak datorren astelehenean (hilak 6) jarriko dituzte salgai, webgune honetan. Irati filmarenak hiru euroan eskura daitezke; Kukairen ikuskizunekoak aldiz, bost euroan. Bestela, Landetxeko leihatilan ere erosteko aukera izango da hilaren 9an (osteguna), 17:00etatik 18:00etara. Sarrerak bukatzen ez badira, saioa hasi baino ordubete lehenago ere salgai jarriko dituzte.