[Soslaia] Motxila bete borroka zeraman luma askea
Mikel Martin Conde hil da, 68 urterekin. LGTBQ+, GIBaren kontrakoa, langileena, euskara... eta beste hainbat lubakietan aritutakoa da.
Mikel Martin Conde hil da gaur, 68 urterekin. Bere osasun-egoerak okerrera egin du azken asteetan, eta gaur bota du azken hatsa.
Bost hamarkadatik gora borrokan ibilitakoa zen Martin, hainbat lubakietan. Hamasei urterekin hasi zen “iskanbilatan”. Eta duela gutxira arte aritu da mundu bidezkoago eta hobe baten alde borrokan.
Francoren kontrako diktaduraren kontra borrokatuta, EHGAM mugimendua sortu zutenetako bat izan zen, Vicente Vadillo Francis-en hilketak bultzatuta. Iztietako Apolo dantzalekuan polizia batek hil zuen Francis trabestia; eta komunitate horretako kideak armairutik atera eta homosexual bezala aurkeztu zuten beraien burua hilketa salatzeko mobilizazioetan. Aitzindari izan ziren horretan, eta borroka-esparru berri bat urratzen hasi ziren publikoki.
1980ko hamarkadan Bilbon bizi izan zen, eta Txomin Barulloren tabernan lan egin zuen hainbat urtez. Han bizi zela, GIBarekin kutsatu zen. Gaixotasun horren kontrako borrokan ere bai aitzindarietako bat izan zen bera.
1990eko hamarkadaren hasieran, Errenteria-Oreretara bueltatu zen, azken urteak izan zitezkeenak ematera. Garai hartan erretrobiralen koktelak salbatu zion bizia.
2005eko urtarrilaren 13an Espainiako tropek Donostian duten kuarteleko lau militarrek jipoitu zuten. Hainbat sentsibilitate politikoetako errenteriarrak bildu ziren Herriko Plazan, Martinen kontrako erasoa salatzeko.
“Borroken intersekzionalitatea”
Imanol Minerrek Martin Conde gertutik ezagutu du, militantzia urteak partekatu baititu EHGAMen, askoz gazteago izan arren.
Minerren arabera, borroken intersekzionalitatea Martinengan “gorpuzten” zen. “Ikus zenezakeen ortzadar banderarekin edo hiruki arrosarekin Maiatzaren 1eko mobilizazioetan, edo ekologistetan, edo euskararen aldekoetan, edo… Injustizia sozialekiko begirada hori zuen”.
Osasunak utzi dion arte euskara ikasten aritu da, eta aurreko ikasturtean euskaltegian matrikulatuta zegoen. “Berak erakutsi zidan”, gogorarazi du Minerrek, “hizkuntza-ordezkapena sustatzen duena eta sexu-askatasuna eragozten duena gauza bera dela: botere-harreman desorekatuak, patriarkatua, kapitalismoa… Berak esaten zidan ‘Imanol: nola ez dugu txertatuko euskara zapalkuntzaren kontrako borrokan? Hemen herri eta kultura ukatu bat daude'”.
Azaldu duenez, LGTBIQ+ komunitatea eta mundu abertzalea “oso urruti” zeuden 1970eko hamarkada bukaeran. “Horren guztiaren lamia zubigile bat izan da, aitzindaria. Injustizia sozialak uste genuena baino hurbilago daudela irakatsi zigun”.
Militante apala
Mugimendu sozial eta politikoetan engaiatuta egon da, beti, lehen lerroan. OaingozHau kolektiboak 2018ko madalenetan omendu zuenean azaldu zuenez, berak mugimendu politiko eta sozialei “proposamenak, lana eta estrategia” eman zien, eta trukean “ilusioa, barrena asebetetzea” jaso zituen.
Minerren ustez, bere ibilbidea “monetizatu” zezakeen, baina erabaki zuen koherente izatea. “Apala zen, eta nabaritzen zitzaion egiten zuen guztia bihotzarekin egiten zuela”.
“Azken urteetan belaunaldi berriei bide egiteko formatu ezberdinak sortzen aritu zen, eta haiekin batera egon eta bide hori elkarrekin egiten aritu zen. Adibidez, udalaren politika publikoetan, LGTBIQ+ Mahaitik. Horrez gain, Trans Lege berriaren onarpena ikustera iritsi da, justu-justu bada ere”, adierazi du Minerrek.
Alderdi politikoei dagokienez, Euskadiko Mugimendu Komunistan militatu zuen Martinek, eta haren ildoari jarraitu zion ondoren LKIrekin elkartu eta Zutik osatu zutenean.
Zutiken Gorripidea ildoa 2015ean Alternatiban integratuko zela iragarri zenean, prentsaurreko horretan zegoen Mikel Martin. Ondorioz, EH Bilduko kide zen, eta jaioterriko zerrendan joan zen duela lau urteko hauteskundeetan.
Hainbeste urtez elkarren artean urrun egon ziren espazio politikoak, beraz, bat egin zuten koalizio horretan, eta ahal izan zuen arte militantzia horri —ere bai— eskaini zizkion orduak.
“Ez gara hil behar ametsak bete gabe”
Errenteria-Oreretako kaleak hutsago egongo dira egun freskoetan bermudetan ikus zitekeen betiereko militanterik gabe. Motxila bete borroka eramaten zuen mobida batetik bestera ibiltzen zenak, bere koherentziaren azentuak bustitako euskara trakets baina maitagarriarekin.
Orain dela bost urte HITZAk egin zion elkarrizketan honakoa azaldu zuen: “Maitatuak sentitzen garen bitartean ez garelako inoiz hilko. Eta ez gara hil behar, gainera, ametsak bete gabe”. Ametsak bere osotasunean beteta ikusi gabe joan da Martin —zertarako borrokan jarraitu, bestela?—, baina bere lanak amets horiek hurbilago egotea ahalbidetu du. Eta orduotan jasotako maitasun mezu uholdeak argi utzi du bera ez dela inoiz hilko.