[Erreportajea] Nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Iaz hasi ziren etxeko langileak langabezia ordainsarirako kotizatzen, baina eskubide asko bermatu gabe dituzte oraindik. SOS Arrazakeriak salatu du dagokiena baino 800 euro gutxiago kobratzen dutela hilean.
Hego Euskal Herrian legalki diharduten 34.000 etxeko langileak 2022ko urrian hasi ziren langabezia ordainsarirako kotizatzen, Espainiako Ministroen Kontseiluak —Europako Auzitegiko ebazpen batek behartuta— onartutako dekretuaren ondorioz. Ordura arte, %95an emakumeak diren langileek ez zuten eskubiderik lan-etenaldietan edota erretiratzean prestaziorik jasotzeko.
Etxeko langileen eskubideen alde egindako borrokan urrats handia da iaz indarrean sarturikoa, baina hutsune asko dituela salatu dute ordutik mugimenduan dihardutenek. Besteak beste, kotizazioak lege berriaren inplementaziotik aurrera hasiko baitira zenbatzen, eta aurretik hamarkadak lanean egin izan dituzten emakumeek ez dute, erretiratzeko adina heltzean, ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.
Errenteria-Oreretan duen bulegoan, besteak beste, lan aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. Bertan etxeko langileak artatzen dituztenen artean daude Marling Castillo Calderon irundarra eta Gerar Carrere Zabala oreretarra. Bigarrenak etxeko langile terminoa definitzeko beharra ikusi du, iritzita jendartea zaintzaz mintzo denean «asko orokortu» ohi dela: «Kontratazio mota bat da, soilik norbanako batek egin diezaiokeen kontratua beste norbanako bati, lehenengoaren etxean lan egin dezan. Hori da etxeko lana».
Enpresa edo instituzio batek etxe batean zerbitzuak eskaintzeko kontratatutako langileak ez lirateke sartuko, beraz, multzo horretan. Izan ere, langile horiek duten kontratua erregimen orokorrekoa baita. «Badute enpresa batzordea, lanorduak zehazten dizkiete… lantalde bat dago hor», Castillok. «Nahiz eta hor ere badagoen etxeko lan ezkutukoa», oreretarrak, «alegia, enpresa batzuek langileak kontratatzen dituzte lanaldi murriztuekin eta gero etxeetara bidaltzen dituzte egoiliar bezala; familiari izugarrizko dirutza kobratzen diote, eta zati txiki bat heltzen zaio langileari». Azken hilabeteotan artatu duten emakume baten adibidea jarri dute: familiak enpresari 2.800 euro ordaintzen zizkion, eta langileak 900 euro jasotzen zituen.
Orain arte lanean emandako urteak ez dituzte kontatuko erretirorako ordainsarietan
Egoera lazgarrienak etxeko langileen artean ematen direla esan dute, hasteko eta behin, ordutegiak ez direlako errespetatzen. 40 orduko lanaldiari beste 20 gehitzea baimentzen du legeak, betiere ordu horiek deskantsu moduan edota dirutan ordaintzen bazaizkio langileari gero; «etxeko langileen kasuan, hori ez da ematen gehienetan», deitoratu du irundarrak. «Ez da deskantsatzen ezta kobratzen ere. 40 orduko kontratu batekin, soldata minimoa kobratuta, langileek 60tik gora ordu egin ditzakete eta horiek ez dira inon aitortzen. Hori ere bada esplotazio modu bat».
Abusu hori are eta agerikoagoa bilakatzen da langile egoiliarren kasuan, horiek adostuta baitute gaua igaro behar dutela, baina ordu horiek ez daude inola kuantifikatuta, ez dago horiek arautzeko lege bat dioena langile batek zenbat kobra dezakeen gau batengatik. Alegia, baldintza berdinak dituzten bi kontratu alderatuta, bietako batek etxean gaua emateko klausula hautatuta edukiko balu, klausula hori ez duen bestearen soldataren zenbatekoa berdina litzateke.
Hiru erpinak
Eskubide urratze horiek elkar-elikatu eta babesten den sare batek legitimatuta ematen dira. Kausa pisutsuenak hartu ditu ahotan Carrerek: etxeko lanen behar eta eskaera handia; administrazio arduradunen «utzikeria»; eta egoera zaurgarrian dauden emakume askoren —migratuak gehienak— beharra.
Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen ditu mendekotasuna duten pertsonen «laguntzaile pertsonalen» kontratazio gastuetarako. Bi motatakoak izan daitezke prestazioak: kanpoko langile bat kontratatzeko, edota zaintza behar duen pertsonaren senide bat zaintzaile gisa aitortzeko. Lehen motako laguntzak jasotzeko 7.000tik gora eskaera izan ziren iaz, kideek adierazi dutenez. «Pentsa», Carrerek, «zenbateko beharra dagoen; eta uste dut horietako 1.500 mendekotasun gradu handiena duten erabiltzaileak zaintzeko zirela». Mendekotasunaren arabera sailkatutako hiru gradu daude.
«Familia eskatzaile gehienak erdi-mailako klasekoak dira», jarraitu du, «bitarteko ekonomiko askorik ez dutenak, eta horien beharrak asetzeko ere ez dira aski finantziazioak». Lehen graduko menpekotasuna dutenentzat 300 euroko gehienezko laguntzak daude hitzartuta; bigarren gradukoentzat, 464 eurora artekoak, eta hirugarren graduko menpekotasuna dutenen zaintzarako maximoa 834 eurokoa da. Zifra horiek, betiere, gehienez jaso daitezkeenak dira, baina aldundiak zenbatekoa murriztea erabaki dezake kasu bakoitzean, zerbitzuaren «kostu errealaren» arabera.
Astean 60 lanordu egiten dituen egoiliar baten gutxieneko soldatak, gauak kontutan hartu gabe,—alegia, astean sei egunez egunean 10 ordu lan eginda, adibidez—, azken igoerarekin 2.000 euro ingurukoa beharko luke, legez, hilabetean. Horri Gizarte Segurantza gastuak gehitu beharko litzaizkioke, 460 euro inguru. Bestela esanda, menpekotasun guztizkoa duen senide bat zaintzeko langile bat astean 60 ordura kontratatu nahiko lukeen familia batek 2.400dik gora euro inguru beharko lituzke hilero; kasurik onenean, aldundiaren 800eko laguntza jaso eta gainontzeko 1.600ak asumitu beharko lituzke familiak.
«Horra hor erakundeen utzikeria», Carrerek. Egoerari entzungor egiten diotela salatu du Castillok: «Gizarte Segurantzan kontratu guztiak jasotzen dituzte, eta aldundian ere badakite zenbat eskatzaile dauden gradu bakoitzekoak; guztizko mendekotasuna duen pertsona baten zaintzailea 40 ordura kontratatuko dutela ikustean, hori deigarri gertatu behar zaizu. Baina inork ez du ezer esaten, begiak estaltzen dituzte».
Horrela jaiotzen dira kontratu prekarioak, eta euren burua horiek onartzera behartuta ikusten dutenak dira kolektibo zaurgarrienak. «Eskaintza handia da, batez ere emakume migratuena, dependentzia eta behar handia dutelako; badira dokumentaziorik ez dutenak, edota dokumentazioa izan eta hori mantendu ahal izateko kontratu bat behar dutenak, eta aldi berean sorterrira dirua bidali behar dutenak, hemen inolako sarerik edo sostengurik ez dutenak…».
Atzerritarren Legea «esplotazio hori sustatzen duen beste eragile bat» dela esan du Carrerek, emakume askorentzat erregularizatzeko bide bat baita etxeko lana. Azalpen gehiago eman ditu Castillok: «Paperak familia batek egindako kontratuaren bitartez lortu behar badituzu, horiek jarritako baldintzak onartu behar dituzu ezinbestean. Eta ezin duzu utzi, txartela lortuta lana uzten baduzu hori kentzen baitizute».
Esplotazioa ahalbidetzen duten faktoreek triangelu bat osatzen dute horrela: erpin batean dago gizartearen zaintza beharra, bestean lan hori egiten duten emakumeen behar handia, eta azken erpinean gutxiegiko diru-inbertsio publikoa. «Administrazioek dirutza aurrezten dute, eta baldintza hauetan funtziona dezakete emakume askoren esplotazioaren kontura, bestela ezinezkoa litzateke. Hirugarren gradua duenak 800 euro jasoko ditu, suposatzen da 24 orduz egon behar duela zainduta, eta aldundian aurkezten diren kontratuak 40 ordukoak dira; baina inork ez dio ezer».
Proposamenak
Hiru erpineko kiribil horretatik irteteko SOS Arrazakeriako kideek eskatu duten lehen gauza legea bete dadin izan da. Hori lortu ahal izateko kontrol mekanismoak abiarazi behar direla esan du Castillok: «Bitarteko publikoak jarri behar dira bermatzeko langile horien eskubideak betetzen ari direla».
Eskubideen berme horretara heldu ahal izateko, ordea, zimenduetara jo behar da lehenik. Kontratuak birformulatu beharko lirateke zehazten hasiz, adibidez, zer-nolako zerbitzuak eskaini ahalko dituen langileak, zein ordutegi izango duen lanaldiak, gauak nola kontabilizatu eta konpentsatuko diren…
Diru laguntzak ez dira aski etxeko langileei soldata duin eta justuak ordaintzeko
Kontratatzaileen sentsibilizazioa indartzea ere jo dute gakotzat. «Familiek jakin behar dute zein baldintzapean kontratatu behar duten, nola berma ditzaketen emakume horien eskubideak dagokien neurrian». Neskame kontzeptua oraindik ere oso iltzatuta dagoela salatu dute. «Oraindik oso pentsamolde klasista dago, eta harreman oso paternalistak ematen dira; badirudi euren salbatzaileak garela», oreretarrak. Mentalitate horiek gizarte maila guztietan antzematen dituzte, «salaketak tramitatu ditugu nola eliteko familien hala ezker iraultzailekoenen kontra». Castilloren ustez, ideia hori sortzen da uste delako emakume migranteak «makilez egindako txabola batetik» datozela, eta ez dakitela irakurtzen ere.
Erakunde publikoak dira, dena dela, aurretik lan handiena dutenak. Kontratatzaileei egindako galderak formulatzeko modu berriak asmatu behar dira: «Zein da behar duzun zerbitzua? Zenbat orduz? Eta beraz, zenbat langile behar dira behar horiek ase ahal izateko? Hiru kontratu behar badira, hiru egingo ditugu, baina era duinean eta errealista den finantziazio batekin». Bestalde, esplotazio hori atzean uzteko benetako trantsizioa egingo bada, aldarrikatu dute ezin direla atzean utzi egun zaintza sistema hori sostengatzen ari diren emakumeak, «haiekin egin behar du».
Azken hausnarketa bat egin dute SOS Arrazakeriatik: «Zer gertatuko da bizi osoa kotizatu gabe lanean eman duten langileekin? Bi kasu ditugu orain: 61 urteko emakume bat alzheimerrarekin eta beste bat minbiziarekin, ez batak ez besteak jubilatzeko eskubiderik ez dutenak, eta hori nazionalitatea dutela; zer egingo dugu haiekin? Eta egoera berean dauden beste milaka emakumeekin?».