Zaintzak duintzeko urratsak egitea ezinbestekoa delako
Zaindu zaintzailea kanpaina abiatuko du datozen egunotan Errenteriako Udalak Etxekolan zerbitzua herritarren eskura jartzeko helburuarekin.
Zaindu zaintzailea kanpaina abiatuko du datozen egunotan Errenteriako Udalak Etxekolan zerbitzua herritarren eskura jartzeko helburuarekin. Zaintzak duintzea du helburu sentsibilizazio kanpainaren bidez, ongi zaindua izateko, ezinbestekoa delako zaintzaileak ere zaintzea. Aiako Harria kalean, Galtzarabordako kiroldegia ondoko plazan egin dute agerraldia udal ordezkariek eta Oarsoaldea Garapen Agentziako kideek, kanpainaren parte den euskarrietako bat kokatutako eremuan.
Zalantzarik ez du Aizpea Otaegi alkateak, “zaintzaren esparruko lan harremanak baldintza duinetan ezartzea onuragarria da zaintzailearentzat zein zainduarentzat”.
Kanpainako euskarrietan datu argigarriak jarri dituzte herritarren eskura. Zaintza eta etxeko lanetan ari diren langileen %31k ez du kontraturik, %56,3k ezin du gaixotasun bajarik hartu, % 36,5ek ez du oporrik hartzeko aukerarik eta %45,1ek adostutakoak baino ordu gehiago lan egiten du. Datu horiek Gipuzkoan etxeko lanetan eta zaintzan ari diren langileenak dira.
Beste datu bat ere eman dute kanpainaren barruan: Errenterian 65 urtetik gora dituzten 9.525 pertsona bizi dira—biztanleen %24,1—.
Euskarri informatiboak Galtzarabordako kiroldegi inguruan, Gabierrotako bidegorrian, eta Iztieta zein Beraungo anbulatorio inguruetan jarri ditu udalak. Errenteriako etxeetara ere bidaliko dute informazioa, eta informazio guztia ere herritarren eskura jarri dute, gainera, webgunean.
Sentsibilizazio kanpaina diseinatzeko garaian zaintzen sektorean ari diren eragileekin lan saioak antolatu dituzte: Sos Arrazakeria, Maitalen Kooperatiba eta Bidez Bide elkartea. Otaegik eskerrak eman dizkie denei, “beraien jakintzak zein esperientziak kanpaina honen mesedetara jartzeagatik”.
‘Zaintzak duintzen’ estrategiak
Iazko maiatzean Errenteriako Udalak 1,3 milioiko diru funtsak jaso zituela pandemiaren errealitateari aurre egiteko eta horren zati bat Zaintzak duintzen estrategia garatu ahal izateko bideratzea erabaki zuela gogorarazi du Otaegik.
Errenteriako III. Berdintasunerako Planaren zaintza lanen ekonomia feminista ardatzean jaso diren helburuen aterkipean kokatzen da Zaintzak duintzen estrategia, “hain zuzen, zaintzarekiko herri erantzunkidea izateko bidean urratsak egitea eta zaintza lanetan diharduten emakumeen egoera hobetzeko helburuekin”. Bi horietara heltzeko, berriz, hiru lan ildo nagusi zehaztu zirela gogorarazi du Otaegik: “Arreta soziosanitarioko doako formakuntza etxeko langileentzat; Etxekolan zaintza eta etxeko langileentzat, eta kontratatzaileentzat aholkularitza eta lan bitartekaritza zerbitzua berpiztea; eta zaintzen egoera duintzeko herritarrei zuzendutako kanpaina”. Azken puntu horren gauzapena da gaur aurkeztu dutena.
Arreta soziosanitarioko ziurtagiri profesionala lortzeko lau doako ikastaro antolatu ditu Errenteriako Udalak Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez. 60 pertsonek jaso dutela formazio hori zehaztu du alkateak, “horietako % 90emakumeak, eta %72 Errenteriakoak”.
Etxekolan zerbitzua 2018az geroztik
Etxekolan zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzu publiko eta doakoa da, eta 2018an jarri zuen martxan udalak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta beste eragileekin elkarlanean diseinatuta. Astelehenetik ostiralera ematen du zerbitzua 09:00etatik 14:00etara Oarsoaldeko Garapen Agentziaren Errenteriako bulegoan ( Olibet Auzoa, 6).
Zerbitzu hori, Emakumeen Etxeak ere eskainiko du apirilaren 20tik aurrera “emakumeen errealitateari modu integralagoan erantzuteko asmoz”. Ostegunetan izango da hori, 15:00etatik 17:00etara.
Garapen agentziaren bulegoan zein Emakumeen etxean hitzordua beharko da zerbitzua erabili ahal izateko eta horretarako, interesdunek, 943 51 02 00 telefono zenbakira deitu behar dute edo posta elektronikora idatzi.
Etxekolanek, familia eta etxeko lanetan aritu nahi duten pertsonen arteko lan bitartekaritza zerbitzua eskaintzen du, lan poltsa zerbitzua, prestakuntza eta kontratazioaren gaineko informazioa eta aholkularitza eskainiz, eta familiak lan baldintzen inguruan informatzen ditu.
Duela ia urtebete erabaki zuen udalak funtsak zertara bideratu, “baina honek guztiak lanketa prozesu garrantzitsu bat suposatu du, egia da ikastaroak emanda daudela, Etxekolan Zerbitzuaren aktibazioa martxan dagoela, eta sentsibilizazio kanpaina egunotan izango dela martxan. Etxekolanen informazioa aurrez aurrekoa izatearekin batera, atari digitala izango dute aurrerantzean herritarrek eskura informazio guztia jaso ahal izateko”.