Iztieta-Ondartxoren gaineko lana aurkeztuko du Garazi Solisek
Karrera amaierako lana Iztieta-Ondartxoren gainean egin du Garazi Solis errenteriarrak, bertan bizi diren komunitateetako bizilagunen ahotsetatik abiatuta.
Iztieta-Ondartxon bizi diren komunitateetako bizilagunen ahotsetatik abiatuta, karrera amaierako lana egin du Garazi Solisek, eta Lekuona Fabrikan aurkeztuko du lan horren emaitza bihar 18:00etan, Plaza Horian. Iztieta-Ondartxo, el barrio que fuimos, somos y queremos ser (Iztieta-Ondartxo izan ginen, garen eta izan nahi dugun auzoa) lanaren helburua “kulturartekotasuna sustatzea” eta “auzoko bizikidetza hobetzea” da ahozko historiaren metodologiaren bidez.
Metodologia horren bidez, auzoaren historia berreraiki nahi da gehien ordezkatuta dauden komunitateetako bizilagunen ahotsetatik abiatuta, “hala beren istorioetako loturak atera ahal izango dira esku hartze komunitarioa kulturarteko ikuspegi batetik egin ahal izateko, baita auzo enblematiko horren erronkak markatzeko ere”.
Hitzaldira bertaratzeko doako sarrera hartu behar da Lekuona Fabrikan bertan, edo online hemen.