Portua erakundeen arteko mahaira eseriko da badiako eragileekin
EH Bilduk Senatuan egindako interpelazioari erantzun dio Espainiako Gobernuak, PPAk 2020an utzitako dinamika berreskuratuko duela baietsiz.
Iragan azaroan, Pasaiako, Errenteria-Oreretako eta Lezoko EH Bildu taldeek bat egin zuten salatzeko hiru urte beteko zirela Pasaiako Portu Agintaritza (PPA) badiako erakundeen arteko mahaitik altxatu zela. Zortzi urte bertako kide gisa eman ondoren —2012an sortu zen elkarlanerako foroa eta 2020an utzi zuen portuak—, “aurrekaririk gabe” hura utzi izana salatu zuen orduan koalizio abertzaleak.
Testuinguru horretan, joan den asteartean, Espainiako Senatuan EH Bilduren bozeramaile den Gorka Elejabarrietak Raquel Sanchez Espainiako Mugikortasun ministroari galdetu zion ea ados ote zegoen PPAk orain hiru urte harturiko erabakiarekin, zeina badiako udalen eta portuaren arteko koordinazio- eta komunikazio-organo bakarra zen.
Sanchezek elkargunea utzi izanagatiko arrazoiak eman zizkion senatariari, esanez mahai hura sorreran “erabilgarria” bazen ere, azken garaietan PPAren konpetentzia eta jokabideak “ikuskatzeko” mahai bilakatu zela. Ministroak adierazi zuen egoera horrek bat egin zuela mahaia eratzeko unean ezarritako helburuak bete izanarekin, eta badiako trafikoen “normalizazioarekin”.
Horiek horrela ere, arduradunak konpromisoa hartu zuen dinamika berreskuratzeko, eta ziurtatu zuen ekainean izango den PPAren hurrengo administraritza kontseiluan aditzera emango dutela erakundeen-arteko organoaren sorrera berria. Mahai horretan badiako eragile eta bertako udalek —Errenteriako Udala, Lezoko Udala eta Pasaiako Udala— parte hartuko dute.
Koalizio abertzaleak adierazi du funtsezkoa dela udalek zein herritarrek foroak eta baliabideak izatea edozein erakunde publikoren jarduna fiskalizatzeko, baita PPArena ere. Besteak beste, kutsadurari, zaratari, espazioen lagapenari edo portu-espazioaren barruan gertatzen diren jarduerak erregularizatzeari buruzkoak, gaur egun udalek ez baitute horien gaineko kontrolik.