Operarekin ere ausartu da EMKE Banda
Musikaren bideak urratzen jarraitzen du EMKE Bandak. Erronka zale denik ezin uka, bide berritzaileak zabaltzen aditu bilakatu delako. Proposamen ausartarekin dator berriz ere, oraingoan, opera eta musika bandaren doinua batuko dituen emanaldiarekin.
Musikaren bideak urratzen jarraitzen du EMKE Bandak. Erronka zale denik ezin uka, bide berritzaileak zabaltzen aditu bilakatu delako. Proposamen ausartarekin dator berriz ere, oraingoan, opera eta musika bandaren doinua batuko dituen emanaldiarekin. Gure Bakarlariak programaren barruan, Marife Nogales eta Errenteriako Musika Bandak kontzertua egingo dute ostiralean 20:00etan, Fatima Andra Mariaren Elizan.
Gaur aurkeztu dute emanaldi berezia Alain Aierdi EMKE Musika Bandaren zuzendariak, Marife Nogales mezzosopranoak eta Iñaki Queralt errenteria Musikal Udal Patronatuko presidenteak.
Atlantikaldiak batu zituen joan den irailean EMKE Musika Banda eta Marife Nogales abeslaria. Emanaldia amaituta, berehala piztu zitzaiola Nogalesekin beste emanaldi bat egitea azaldu du Aierdik, “egitaraua eskaini nion eta baietz erantzun zidan. Oso erraza izan da berarekin lan egitea”.
Hitza hartu du Nogalesek: “Plazera izango da bigarren aldiz musika bandarekin batera aritzea. Musikari handia izateaz gain, ahotsaz ere badaki Alainek (Aierdi) eta hori oso garrantzitsua da abeslariontzat barruan daramagun instrumentua zaindu behar dugulako. Entseguetan asko zaindu du nire ahotsa, eta bandari behin eta berriz gogorarazi dio mikrofonorik gabe ari den abeslari batekin ari direla. Asko zaindu du soinua, nire ahotsa ez ezkutatzeko”.
Opera eta banda nahastearen emaitza “zoragarria” da abeslariaren hitzetan, “espero dut jendea etortzea entzutera, uste dudalako ederra izango dela emanaldia. Gaurko entsegua baino ez zaigu gelditzen eta gogoz nago ostirala heltzeko”.
Ostiraleko emanaldian landuko duten errepertorioarekin aritzea oso zaila dela banda batentzat azaldu du Aierdik, “garrantzitsuena konponketa egokiak egitea da. Musika Banda batek berehala estali dezake, eta okerragoa dena, abeslariak ahotsa kaltetu dezake entzuteko saiakera horretan. Guri dagokigu adi egotea, hori kontuan hartuta, gure doinuek estali ez dezaten bere ahotsa. Kontzertu honetan gure eginkizuna abeslaria laguntzea da, eta plazera da, oso erraza delako berekin lan egitea”.
Nogalesen ibilbideari ere erreparatu dio. izan ere hamabost urtetik gora daramatza mezzosopranoak Espainiako Estatuko antzokirik handienetan abesten urtero, baita Euskal Herrikoetan ere.
Programari erreparatu dio ondoren Aierdik: “Musika frantsesa izango da guztia, dramatismo, lirismo eta indar handikoa. Entzuteko zoragarria opera gustuko dutenentzat, eta sartu ez direnentzat ere oso entzuteko erraza eta polita”.
Kontzertu egitaraua bi zatitan banatuko dute eta opera unibertsaleko aria zoragarriak bilduko ditu: Romeo et Juliette obertura, Fausto operako Feites-lui mes aveux edota Sapho operako Oh ma Lyre immortelle obrez gozatzeko aukera izango da. Halaber, Danse bacchanele, Mon Coeur Souvre a ta voix, edota Carmen opera ere entzun ahalko dute bertaratzen direnek.
Eskerrak eman dizkio bandari Queraltek “bere ausardiagatik”. Opera hautatu izana erronka handia dela nabarmendu du udal ordezkariak, “ausardia ere badago eta hori txalotzekoa da, bandaren errepertorio klasikotik harago doa. Ikusten da garapen bat, gauza berriak egiteko gogoa”.
Nogalesi ere eskerrak eman dizkio Queraltek, “garrantzitsua iruditu zait zaindua sentitu dela esatea uste dudalako prozesuak ere zaindu behar direla, edozein sorkuntza prozesua eta horrekin sinistuta gaude udalean”.
Atlantikaldiari ere erreparatu dio. Finean, bertan egosi zen ostiraleko emanaldia, “programazio ederra eskaintzetik harago, sinergiak sortzea lortzen du musikatik eta sorkuntzatik jarraitzeko iniziatibak aurrera ateratzen. Atlantikaldiak lortu dezaken sinergia hori balioan jartzea garrantzitsua iruditzen zait”. Kontzertuan parte hartzera deitu du azkenik Queraltek, baita Aierdik ere: “Ea lortzen dugun lepo betetzea”.
Emanaldia doakoa izango da, eta ez da gonbidapenik behar.