Antxo diseinatzeko parte hartze prozesua eskatu du EH Bilduk
Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJri eskatu diete parte hartze prozesu "zabal eta erreala" abiarazteko Antxoko herritarrekin.
Pasaiako EH Bilduk proposamen publikoa egin die udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJri: Antxon etorkizunean izango diren espazio berriak diseinatzeko parte hartze prozesu “zabal eta erreala” abiaraztea.
Topoaren obren ondoren sortuko diren espazio berrietan —zubibidea eraitsiz gero, pasealeku hori, edota Azoka zenaren orubea—, eta Luzuriagako eraikin zaharrean zer nahi duten galdetzeko eskatu die koalizio abertzaleak gobernukideei. “EH Bildutik argi daukagu: antxotarrek erabaki behar dute nola aprobetxatu nahi dituzten aukera berri horiek”.
Joan den abenduan obren jarraipenerako batzorde bat sor zezan eskatu zion oposizioko indarrak gobernuari ezohiko udalbatzarrean, baina kontrako boza eman zuten jeltzale eta sozialistek, eta abstentziora jo zuen, bestalde, Ahal Dugu-Podemosek. Azalpen gehiago, albiste honetan.