EH Bildu: "Bizitza duinak erdigunean jarrita osatu dugu herri programa"
EH Bilduk hauteskundeetarako josi duen #BideanGehiago herri programa aurkeztu du gaur. 55 proiektu bildu dituzte programara, bizitza duinak, komunitate kohesionatua eta hiri bizigarria eraikitzen jarraitzeko.
EH Bilduk hauteskundeetarako josi duen #BideanGehiago herri programa aurkeztu du gaur. Urdaburu plazan egin du aurkezpena, programara bildu duen proiektu izarretako bat jasoko duen eremuan. Aizpea Otaegi zerrenda buruak eman ditu programaren gaineko zehaztapenak eta azaldu du lehenik, oinarriekin landutakoa dela programa: “Udazkenean lau batzar ireki egin genituen ekarpena egin nahi zuen jende guztia gonbidatuta”. Lau bilera horietatik ateratako proposamena, “herri programa da gaur aurkeztu duguna”.
Hala ere, eta ardatz nagusiak definituta badituzte ere, programa bizia dela argi utzi du, “eragileekin bilerak egiten ari gara oraindik programa aurkezteko, eta hortik ere gerta daiteke oraindik beste proposamenak txertatzea. Bizia da, beraz, baina, datorren agintaldirako bizkarrezurra jasotzen duen programa da”.
Aurreko hauteskundeetako programa osatzeko erabilitako hezurdura bera erabili du koalizio subiranistak datozen hauteskundeei begirakoa osatzeko, “proiektuak proiektu babestu behar duguna eta gure politika publikoen erdigunean dagoena bizimodu duinak bermatzea da; bizitza duinen bermea da gure politiken muina”. Bizitza duinen geruzari, beste bi batu dizkio Otaegik, komunitatearen kohesioa, eta bizigarritasuna, “izan ere, bizimodu duinak bermatzea eta komunitatearen kohesioa lortzeko hiriaren antolaketa jakin bat beharrezkoa da, edozein antolaketak ez du balio”. Emaitza, hiru geruza horien baitan barnebildutako 55 proiektu biltzen dituen programa.
Proiektuei bezain besteko garrantzia eman dio Otaegik nolakotasunari: “Gobernantza partekatua sustatzea ezinbestekoa da, politika publikoak herritarrekin batera egitea bezala”. Proposatutako 55 proiektuak “nahikoa modu orekatuan” banatu dituztela hiru geruzen artean esanda, bakoitzera bildutako proiektu izarrak banan bana aurkeztu ditu. Hala, duintasun handiagoa sustatze aldera hiru proiektu giltzarri aipatu ditu Aldakoenea zabaltzea izan da lehena. Udarako nahi dutela zabalik ekipamendua zehaztu du zerrenda buruak, “udal zerbitzuak goiko auzoetako bizilagunen eskura jartzea du xede, Zu! arreta zerbitzua edota gizarte zerbitzuak bertatik eramateko”.
Fini Rubio eraikina da bigarren proiektua, adinekoentzako bizi osorako etxebizitzen proiektua. Atzo aurkeztu zuen Otaegik, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Eñaut Graciarekin batera ekipamendu berritzaile eta aitzindaria. zaintza erdigunean jartzen duen proiektua dela zehaztu du Otaegik, “bakardadeari zein zaintzari modu komunitarioan erantzutea erdigunean jarriko duena”.
Etxebizitza bermatzea “ezinbestekoa” dela bizitza duinak bermatzeko esanda, horrekin lotu du hirugarren proiektu izarra: “Izan ere, Altzaten, gazteentzako etxebizitzak eraikiko ditu udalak bertan izango duen lur eremuan. Gazteek euren bizi proiektua garatu dezaten ezinbestekoa da”.
Agustinak, Beraungo igerilekuak eta Altzateko ekipamendua
Bigarren geruzan, komunitatearen kohesioarenean, alegia, beste hiru proiektu izar aipatu ditu. Agustinak Zentroa izan da lehena. 2024ko urtarrilerako martxan izatea aurreikusi du kulturaren eta lanbide sortzaileen esparruko polo gisa, “garapen ekonomikoaren poloan kokatzen badugu ere, gure kultura aldeko apustua sendotzera dator, eta auzoarentzat elkargune garrantzitsua izango da”.
Kirolarekin lotutakoa da bigarren geruza horretako bigarren proiektua. Galtzarabordako kiroldegia handitzea bazen ere hasierako asmoa, Pasaiako topoaren lurperatze lanek ez dutela ahalbidetuko azalduta, Beraungo igerilekuetako lur eremu bat baliatuko dutela handitze hori egiteko azaldu du, “anpliazio dezentralizatua izango da”. Igerilekuak ez bezala, esparru berri hori urte osoan erabiltzeko aukera izango da, kirola ere goiko auzoetatik gertuago jarriz”.
Kohesioaren adarreko azken proiektua, Altzaten kokatu du. bertan ekipamendu publiko bat izango dela zehaztu du alkateak, eta bertan Ahotsaren eta Musikaren Etxea kokatu nahi dutela, “hala jaso dugu gure programan. Herriko abesbatzek, musika bandak eta musikaren esparruan lan egiten duten eragileentzat egoitza izango da, partekatutako egoitza, eta horrenbestez haien artean sinergiak sortzeko espazioa”. Eragileekin egin nahi dutela diseinua gaineratu du Otaegik, eta horretarako prozesu bat abiatzea aurreikusi du udazkenean, “Altzatek izango du ekipamendu berri bat martxan epe laburrean, auzo berriari bizitza emango diona”.
Hirugarren geruzan, bizigarritasunaren esparruan lau proiektu izar aurreratu ditu egungo alkateak. Urdaburu plaza biziberritzea, irisgarritasuna, elkarguneak eta espazio berdeak bizilagunen eskura jarriko dituen espazioa eraikitzeko, “prozesu hori noski, bizilagunekin egin nahi dugu eta bertako eragileekin”.
Igogailuak, bi zehazki, dira bigarren proiektu izarra. Bata, Pontika eta Beraungo Luis Mariano plaza batuko dituena; bestea, Galtzarabordako Urbia plaza eta Igantzi auzoa lotuko dituena. Hirugarren proiektu izarra, berriz, hiri bizigarriagoa egiteko Iztieta-Ondartxo biziberritzeko plana da. “Garrantzitsua izango den ekipamendua Mataderoa izango da. hura birgaitzeko proiektua itxita dago eragileekin adostuta. Datorren agintaldian biziberritzearekin hastea tokatuko litzateke”, azaldu du.
Ekipamendu hori nagusiki Hibaika Arraun Elkarteak erabiliko duen espazioa izango dela nabarmendu du, “garrantzitsua da erabiltzen duten espazio hori duintzea. Suposatuko du urarekin lotutako kirolari oro har bultzada ematea. Auzo ekipamendu komunitario bat ere izango da horren barruan, 0-6 urte arteko haurrak dituzten familiei begirakoa. Proiektuarekin beste itxura eta fluxu batzuk, beste bizi bat hartuko du auzoak”.
Azkenik herria ardazten duen Oiartzun Ibaia jarri du lehen lerroan Otaegik, “oso baliabide garrantzitsua da gure herrian eta ezinbestekoa da 0 isuri dituen ibaia bihurtzea, ibaiak berak zein herritarrok merezi dugulako ibaia beste modu batean gozatzea. Hori da gure apustua, eta uste dugu 0 isuri o puntura heltzeko aukera izango dugula datorren agintaldian”.
Gaur aurkeztutakoak, programaren bizkarrezurra eta proiektu izarrak dira, baina programa osoa EH Bilduk sortu duen web orrian ikus daiteke, baita ekarpenak egin ere.
Hurrengo hitzorduaren berri ere eman du Otaegik: hauteskundeetarako osatu duten zerrenda aurkeztuko du koalizio subiranistak. Hilaren 25ean izango da, 12:00etan Merkatuzarren.