Komunikazio falta eta ezintasuna zeharkatzen dituzten hamar ipuin, Mitxelenaren estreinakoan
Idazle oiartzuarrak 'Arrain hezur bat eztarrian' argitaratu du, Elkar argitaletxearekin. 2021eko Igartza Sariaren emaitza da liburua.
Olatz Mitxelena Larretak gaur aurkeztu du bere lehenengo liburua: Arrain hezur bat eztarrian. Hamar ipuin sortu ditu idazle oiartzuarrak; Igartza Sariaren beka irabazi zuen 2021ean, eta horren emaitza da.
Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak ohartarazi du, eleberri edo saiakerekin alderatuta, “zaila” dela liburuaren hari komuna zein den esplikatzea, hamar narrazioak “oso ezberdinak” direlako.
Mitxelenak azaldu duenez, proiektua hasi zuenean Arrakalak izenburua zuen, baina Arrain hezur bat eztarrian-gatik aldatu duela. “Pertsonen arteko harremanetan sortzen diren arrakalez hitz egin nahi nuen: hauskortasuna, ezintasuna, hutsuneak, gabeziak… Horiek dira buruan nituen ideiak, eta liburuan, modu batera edo bestera, atera direnak”.
Ipuin guztietan errepikatzen den elementu edota sentsazioak laburbildu nahi izan ditu izenburu berriarekin: isiltasuna, komunikazio falta, egonezina… “Ez zen hasierako asmoa; idatzi ahala ikusi dut errepikatzen zela”, gaineratu du Mitxelenak.
“Gorputz osoarekin” idatzitakoa
Gaiak zerrendatu ditu, jarraian, idazleak: “Mundu honetan norbanakook sortzen ditugun mundu propioak daude; mina —hainbat formatan— agertzen da; beste ipuin batean, mundu eta logika aldatzen dira, eta horren aurreko erreakzioa kontatzen da; zahartzaroari buruzko kontaketan zaintzari buruzko kritika agertzen da; diglosiak sortzen dizkigun zauriak…”.
Narrazio batzuk fantastikoak eta beste batzuk errealistak direla zehaztu du. “Mundu honetatik pixka bat ateratzea bilatu dut, eta interesatzen zait, era berean, pertsonaien ñabardura psikologiko horietan sartzea”, adierazi du.
Forma aldetik ere, saiatu da ahots ezberdinak sartzen ipuinen batean, eta gehienak “erritmo bizikoak” direla esan du.
Liburua “ikasteko bidea”, izan dela esan du, eta bere buruari “erronkak” jarri dizkio. “Adibidez, hitzekin esaten dutenaz gain, hizkuntza guztiarekin saiatu naiz. Eta batzuetan, sortutako hizkuntza hori bada zikinagoa; hitz batzuk errepikatzen dira: zornea, goragalea… Giro bat sortu nahi nuen”.
Adierazi duenez, “gorputz osoarekin” idatzi du, eta sentimenduez gain, usainak, gustuak, gorputzaren minak eta beste sortu ditu narrazioetan. Errealitatean mina badagoela erakutsi nahi izan du. “Kontraste” moduan, umorea ere badago. “Nik ongi pasatu dut idazten”, zehaztu du.
Imitazioa
Mitxelenak duela gutxi irakurri dio Ursula K. Le Guin zenari beste arte diziplinetan “imitazioa” erabiltzen dela, baina literaturan “deserosoagoa” dela, “plagiatzeko” arriskuagatik.
Berak horri “buelta bat eman” diola aitortu du, eta modu batera edo bestera imitazioz aritu dela. “Ahotsak sartu ziren ipuinean, esaterako, Julio Cortazarren Casa tomada eta Uxue Alberdiren Dena ez dago gure esku ipuinak ditu oinarrian, eta horietako elementu batzuk kopiatu ditut”.
Beste idazleen tonu batzuk ere bilatu ditu. Bere erreferente batzuk aipatu ditu: “Eider Rodriguez, Unai Elorriaga edota Harkaitz Cano dira zeru-ardatzean ditudanak, eta haiengana hurbiltzeko ahalegina egiteko gogoa ematen didatenak”. Kanpoko idazleei dagokienez, Samantha Schweblin eta Maria Fernanda Ampuero ditu erreferente, besteak beste.
“Idazle izateko autoritatea eman dit”
Igartza Saria antolatzen duten CAF, Beasaingo Udala eta Elkarri eskerrak eman dizkie Mitxelenak, bekak “bultzada” eman baitio idazle dela sinetsarazteko. “Idatzi izan dut, baina tarteka. Falta nuen idazteko autoritate bat, eta honek eman dit”. Azken urteetan egin dituen irakurketa feministek ere puntu horretara iritsarazten lagundu dute.
“Plazer bat aurkitu dut, baina amorru puntu bat ere badut emakume asko egongo direlako idazle edo artista izateko bere buruari baimena eman ezin horretan. Beraz, animatu nahi nituzke aritzera”, gaineratu du.
Oiartzunen hilaren 26an aurkeztuko du Arrain hezur bat eztarrian liburua, udaletxeko pleno aretoan. Karmele Mitxelenak Haragizko Mamua aurkeztuko du saio berean, Jon Martinek gidatuta. 19:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan.