[Elkarrizketa] «Futbolean jakituria orokorra den bezala, kulturan ere behar luke»
'Pasaia KM0’ doako antzerki musikatuko zikloa abiarazi du antxotarrak, eta gaurtik igandera Donibaneko Juanba Berasategi aretoan emango dituzte lanak. Azken sarrerak leihatilan eskuratu ahalko dira.
Argazkia: O. Gerendiain. Pasaia KM0 izena jarri diozue asteburu honetako antzerki musikatuko zikloari.
Badakit askok elikadurarekin lotuko dutela terminoa, baina horietan bezala, hau ere, bertan edo oso gertu sortzen den lan eszenikoari ikusgarritasuna emateko aukera bat bezala ikusten dugu. Orduan, KM0 hori da, bertatik bertarakoa, lokala, etxean egina! Nik hori jarri nahi nuen kartelean, baina ez zidaten utzi! [barrez esan du]. Etxean egina, menuko postrerik onenak bezala.
Horri gehitu nahiko nioke ez garela gu, parte hartzaileak, eskualdean edo inguruan mota horretako antzerkia egiten dugun bakarrak. Asko daude! Hasi gara txikitasunetik, jakinda gauza asko egiten direla inguruan modu ez profesionalean; amateur edo afizionatu hitzak ez zaizkit gustatzen.
Itsas Festibalean ikusi ahal izan zuten zenbaitek Creando los Miserables con Victor Hugo, eta etzi, igandearekin, 18:00etan emango duzue berriro.
Bai, hau ez da Itsas Festibalaren jarraipena, baina egia da hor Los Miserables erakutsi zela lehen aldiz, bertsio teatralizatua izan zen, eta izugarrizko erantzuna izan zuen. Bat-batean, jende askoren erreakzioa izan zen: «Aiba! Halako lanak egiten dira Pasaian?». Herritarron eta instituzioen aldetik pena eman zigun nahiko genukeena baino jende gutxiagok eduki izana hura ikusteko aukera, saio bakarra izan baitzen, eta tira, hasiera batean asmoa zen Los Miserables-en antzezlana berriro oholtzara eramatea. Baina, azkenean, saltsero bat naizenez, pentsatu nuen: «Goazen hau aitzakiatzat hartu eta beste gauza askori ere aukera ematera».
Gosea egiten hasteko lehen aukera eskaini zenioten publikoari joan den igandean, Antxoko San Fermin Elizan Los Miserables-en entsegu irekia egin baitzenuten. Nolatan elizan?
Itsas Festibalean egin zenaren ondoren, antxotar asko hori ikusteko aukerarik gabe gelditu zirenaren sentsazioa genuen. Ni antxotarra naizenez, eta bizi dugun egoeragatik, nahiz eta nire lana nolabait barruti guztietan eskaintzen den, beti ari naiz saiatzen Antxo hauspotzen, sekula ez baita nahikoa. Apur bat euskara eta feminismoarekin bezala da: gu gara beti txikienak, eta existitzen garela etengabe aldarrikatzen gabiltzanak, nahiz eta oso harro sentitu.
Esango nuke guzti hau Iñigoren behar sakon batetik sortzen dela, eta ez da medailak jartzearren, baina uste dut nire desio edo behar pertsonalak azaleratzeko modua izan dela, mundua ikusteko dudan moduarekin bat eginda. Eta, tira, nire mundua orain hau denez [Antxo topoko obrengatik zulatu eta erdibituta dago], bada, zer egin jendeari leiho gehiago irekitzeko, munduari leku gehiagotatik begiratzeko? Gero zuk aukeratu nondik begiratu nahi duzun edo ez, baina hori da herrian nolabait egiten saiatzen ari garena.
Goazen banan-banan. Gaur, Bad-irudi [19:00] eta Moulin Rouge [19:30] Donibaneko Juanba Berasategin.
Antzerkigintzatik bizitzeko malabarrak egin behar dituzu [barrez]. Aurten bizitzak eraman nau Donostiako antzerki eskola batean klaseak ematera, bertako ikasle batzuk ezagunak nituen, eta eskaini nien zikloan parte hartzea.
Bad-irudi primerakoa da. Antzerki teknika berezi batean oinarritua dago: oso espazio txikian, metro koadro bat baino pixka bat gehiagoan sartzen dira aktore asko, eta egiten dituzte oso ezagunak diren pelikulen trailer fisikoak. Hartzen dute soinu banda, eszena oso esanguratsuak… Eta hori oso komikoa da, oso espazio txikian egin behar baita.
Horiek bukatzean, Moulin Rouge.
Erabat desberdina da. La Jaranan eta Los Miserables-en dagoen jende bat da, baina euren kabuz lokal bat dute eta urtean bi muntaia egiten dituzte: zarzuela bat eta Disney-eko beste bat. Eta gero zaharren etxeetatik doaz horiek antzezten.
Oso samurrak dira. Antzezlan bezala agian ez da onena, zeren noski, imajinatu ere zaharren egoitza baten testuingurua… baina euren lana meritu handikoa da. Merezi dute erresidentzia bat ez den benetako oholtza batean, dagokien argiztapenarekin-eta, egiten duten lana erakusteko aukera. 80tik gorako jendea dago, eta hain eskuzabalak antzerkian…
«Publiko aktibo bat sortu da, eta ari gara sortzen publiko demandante bat»
Kasu honetan, lan guztia eurena da. Nik laguntza eman diet antzezlana apur bat arintzen, oholtzara eramateko trikimailu batzuk… baina eurek prestaturiko lana da. Moulin Rouge pelikula, oholtzan.
In memorie, da larunbateko bakarra. 19:00etan hasiko da, ezta?
Hala da. La Jarana [talde antzezlea] Los Miserables-eko antzerkilarien zati bat da, eta euren lehen antzerkia da hau. Los Miserables-en elkar ezagutzetik, proposatu zidaten: «Zergatik ez dugu beste talde bat sortzen?». Eta tailer horretatik jaio zen In memorie. Hilabete gutxitan egin zuten, baina ez da erraza, helduak ez direlako haurrak bezala: haurrak judora edo marrazketara apuntatzen direnean, beti doaz. Hauek oso ezegonkorrak dira entseguekin, baina uztera gindoazela esan nuen, «ezta pentsatu ere!».
Antzezlana, gidoia, nola sortzen da?
Niretzat komuna da inspirazio gunea [barrez]. Baina nire bizi momentuagatik da: bi seme-alaba ditut, gazteak, eta niretzako intimitate bakarra komuna da.
Ez, baina orain serioski. Ni nator antzerki fisikotik, alegia, taldeak amankomunean dituen gauzak ulertu eta horri forma emateko teknikatik. La Jaranako lagunak elkartzen zituen musika munduak, eta bakoitzari abesti bana ekartzeko eskaera egin nien, 1960-70 belaunaldietakoak. Topatu nituen zenbait haien artean zerikusirik bazutena, eta bidaia bat osatu nuen. Okurritu zitzaidan, ikusi berri nuen pelikula batetik, aitak ganbarara igotzen uzten ez zion haur bat hartzea oinarri. Halako batean, haurra ganbarara igo eta amonak bertan dituen gauza asko topatzen doa, haren aita nolabait lotsatzen zituen oroitzapenak…
Taldekide askok gurasoak dituzte erresidentzietan-edo Alzheimerrak jota, nire gertuko senide bat ere narriadura kognitibo garrantzitsu bat izaten ari da, eta bat-batean denok hunkitu gintuen gaiak eta esan genuen: «Goazen oroitzapenari buruz hitz egitera, oroitzapenik gabe ez garelako gu; ez gara».
Zein leku du antzerkiak Pasaian?
Lekua, fisikoa, ez du. Bakarra Juanba da [Berasategi], eta horregatik eskainiko dugu ziklo osoa bertan. Metaforikoki zein leku duen, bada, ni hasi nintzenetik asko aldatu da. Badia Eskolak aurten 12 urte beteko ditu [sortzaile eta koordinatzailea da hura]. Orain, haurren edozein emanaldi egiten dela, aretoa betetzen da. Ni asko hunkitzen nau ikusteak Badia Eskolan dauden edo egon izan direnen aurpegiak bertan direla. Publiko aktibo bat sortu da, eta ari gara sortzen publiko demandante bat, eta hori oso ederra da. Eskolarekin hasi ginenean nik argi nuen luzera begirako proiektu bat izango zela, etekinak 10 bat urtera jasoko genituela, orduko gaztetxoak, akaso, izango zirelakoan etorkizuneko publikoa.
Arazoa da eskolak ez duela oreka bat programazioarekin. Antzerki tailerrean parte hartzeaz gain, gero ez da eskaintzen antzerki nahikoa. Niretzako sekula ez da nahikoa, euskararekin bezala. Hemen egiten den lana ez da hainbeste aktoreak formatzea, baizik eta zaletasuna sortzea, espazioak betetzea, publikoak irizpide kritikoak izan ditzan lortzea. Azkenean, futbolean, jakituria orokorra den bezala, kulturan ere hala beharko lukeelako.
