Etxebizitza Sindikatua sortu du Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistak
"Bizitzaren garestitze orokorraren" albo kalteak etxebizitzaren eremura iritsi direnez, arazoei era eraginkorrean aurre egiteko tresna izatea nahi dute.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/03/trintxerpe-etxebizitzak.jpg)
Iragan astean, Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua aurkeztu zuen. Kontseiluko kideen arabera, eremu horretan ematen diren gatazka ezberdinen aurrean antolatzeko tresna izatea du helburu etxebizitza sindikatuak.
Abiapuntu gisa “jendartea krisian murgilduta egotea” eta “bizitzaren garestitze orokorra” aipatu dituzte. Aurrekoen adierazle dira erregaien, oinarrizko horniduren edota elikagaien prezioen igoera. Bada, etxebizitzaren afera egoera horrek zeharkatzen du; eta etxegabetzeak, pobrezia energetikoa, edota alokairuen prezioen gorakada “eguneroko ogi” bilakatu direla azpimarratu dute kontseiluko kideek. Gurera ekarrita, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programak eskatzen dituen baldintzak “nekez lor daitezkela” salatu dute ere.
Gertakari guzti horiek gizarte osoa eragiten dutela iritzi diote, baina langileriak bizi dituela krisiaren albo kalteak “era gordinenean”. Hala, Etxebizitza Sindikatua arazo desberdinen aurrean era eraginkorrean antolatzen laguntzeko sortu dute. Aurrerantzean, horrela, eskualdeko herritarrek arazoak edukitzekotan sindikatuarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, helbide elektroniko honetara mezua bidalita edo 604 174 851 telefonora hots eginda.