Etxera bidea ez dadin izan hil ala bizikoa
Don Bosco Lanbide Heziketa Institutuko ikasle eta irakasleek Gaintxurizketako errepideko puntu iluna ezabatuko duen proposamena helarazi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Erantzunaren zain dira orain.
Zoritxarretik abiatuta, itxaropen proiektua gauzatu dute Don Bosco Lanbide Heziketa Institutuko bost ikaslek. Joan den urtarrilaren 6an haien ikaskide zen Joana de Almeida zendu zen auto batek harrapatuta, Gaintxurizketan. GI-636 errepideko Gaintxurizketa igoerako puntu iluna ezabatu nahi dute, eta lasaitasuna eraman bertako bizilagunei zein egunero lanera joaten direnei. Ikaskidea zutenarentzat berandu helduko da, tamalez, eremua seguru eta iraunkorra bihurtzeko idatzi duten proiektua, baina hura omentzeko ez ezik, eremu horretan beste halako heriotza gehiago ekiditeko balioko duen esperantzarekin ari dira lanean.
Emakume gaztearen heriotzak jarri du mahai gainean, gordinean, hamabost urtetik gora bertako bizilagunak zein Salva enpresako langileak salatzen ari direna: irtenbide seguru bat bila dezatela arduradunek. Momentuz ez da iritsi, eta egunero-egunero, hamaika pertsonak bizia jokatu behar dute lanera, ikastera edota topoko geltokira joateko.
Orduak eta orduak eman dituzte lanean, baita eskolaz kanpo ere, eremu horretarako proiektu segurua aurkezteko Ugaitz Odriozola, Ekaitz Caballero, Eider Iragorri, Leire Loidi eta Enrique Rodriguez Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Graduko ikasleek, eta euren irakasleek. «Ikastetxeko mugikortasun plana egiten ari ginen, eta ikaslearen heriotza izan zenean erabaki genuen zer edo zer egin behar genuela autoak harrapatu zuen lekuan, ikaragarri arriskutsua delako», azaldu du Uxoa Aizpuru irakasleak.
Bertako bizilagunek egin behar duten ibilbidea beraiekin egin zuten ikasleek, eta segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak aztertu eta proiektu bat prestatu zuten. Sare sozialetan zabaltzerakoan, baina, kaltetu gehiago zeudela ohartu zirela nabarmendu du Iragorrik: «Salva enpresa eta Errekalde hotelari ere eragiten dio, eta guztiei eman behar geniela irtenbidea ohartu ginen, proiektu bakarrarekin erantzun behar genuen, eta ahalik eta irtenbiderik errealena bilatu. Hasieran proiektua beste bat zen, baina ikusi genuenean kaltetu gehiago zeudela eta eremua ere zabalagoa zela, hura moldatu behar izan genuen».
Joan den ostegunean aurkeztu zioten proiektua, amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiari. Erantzunaren zain dira orain.
Bizilagunen eskutik
Gaintxurizketako igoerara joan ziren ikasleak lehenik, puntu ilunera, hori lehen eskutik ikusteko Caballerok azaldu duenez: «Bizilagunek egin behar duten ibilbidea errepikatu genuen, haiekin hitz egin genuen, eta irtenbideak aztertzen hasi ginen eremua seguru bihurtzeko proiektua egiteko. Ugaitz [Odriozolak] argazkiak egin zituen. Gure proiektuan goiko pasabide bat egitea proposatu dugu, Euskotrenen geltoki parean». Ez da proiektura bildu duten hobekuntza bakarra: Irungo noranzkoan dauden bi bideetako bat ezabatu eta horretan oinezkoek lasai ibiltzeko espazioa izan dezaten bidegorria egitea proposatu dute. Arazo handiena bizilagunek eta Salvako langileek dutela azaldu du Rodriguezek: «Topoa hartzeko errepidea zeharkatu behar dute, horrek suposatzen duen arriskuarekin; pasabide seguru bat sortu behar genuen. Goiko pasabidearena aukera bat da, baina gure lehenengo aukera semaforo inteligentea jartzea izan zen, oinezkoen pasabide batekin, argi bidez lurreko marrak argitzen dituena».
Bizilagunekin egindako ibilbidean ohartu ziren Perrenera joateko dagoen bidearen egoera oso txarra dela. «Hura txukundu, argiztatu eta baldintza egoki eta seguruetan jartzea ere bildu dugu aurkeztu dugun proiektura. Baita Lurraldebusi eskatu eremu horretan bi geltoki jartzeko ere, tren geltokia eta autobusarena batera izan daitezen».
Topo geltokira heltzeko trafiko etengabea duen errepidea pasa, eta autobus geltokira iristeko errepide bazterreko ubide batetik joan behar dute bizilagunek. Argi dio Caballerok: «Ezin da onartu gaur egun hala ibili behar izatea, ikastera edo lanera joateko, bizia jokoan jarri behar izatea». Bertatik pasatzen diren ibilgailuen abiadura handia da, orduko kilometrora mugatuta dago, baina askotan gainditzen dute ibilgailuek. Horri begira, radarra jartzeko ere eskatu diote aldundiari, «Perreneko bizilagunek aspalditik dutela eskatuta esan ziguten, eta ez dute lortu».
Kaltetu ugari
Trafiko guztia autopistara bideratzea da gakoa Rodriguezentzat: «Aldundiak jakin badaki zer neurri hartu behar dituen horretarako». Gaintxurizketako puntu ilunak zenbat jenderi eragiten dion galdetuta, aho batez erantzun dute proiektuaren egileek: «Jende dezenteri. Perrenen 35 pertsona bizi dira, Salva enpresan 170 langile daude, Lanbarrengo industriagunean Salto enpresa dago, eta Errekalde hotelera heltzen diren bezeroak ere tartean dira. Azkenean, jende dezente da kaltetua».
Egoerak garraio publikoaren ordez autoa erabiltzera bultzatzen ditu horietako asko, «garraio publikoa erabiltzeak suposatzen dien arriskuagatik». Aizpuruk aipatu duenez, galdetegia egin zieten Salva enpresako langileei: «Lantegira joateko autoaren ordez garraio publikoa zenbatek erabiliko luketen eremu segurua balitz galdetuta, ia denek erantzun zuten erabiliko luketela autoaren ordez». Garraio publikoaren maiztasuna hobetzeko aukera badela azaldu dute.
Erantzun bat jasotzeko epe jakinik ez dago, baina itxaropentsu daude ikasleak. «Aztertu beharko dute dena ondo, baina uste dut zerbait egingo dutela, ez dakit gure proposamenak aurrera egingo duen edo ez, baina zerbait egingo dutela pentsatu nahi dugu egungo egoerari irtenbide duina eta segurua emateko».
Urte luzeko eskaera
Salva enpresako langilea da Jon Legorburu lezoarra. Gogoan du 2008an hasi zirela eskatzen Gaintxurizketako eremu horretarako irtenbide bat, segurtasuna bermatzeko, «langileak ez ezik zuzendaritza ere aritu zen». Hamabost urte pasa dira, eta salatu duenez, oraindik ere topotik jaisten den jendeak 20 minutu ematen ditu errepidea zeharkatzeko: «Badirudi norbait hiltzen denean hartzen dutela dimentsioa gauza hauek, tristea da, baina halako zer edo zer gertatzen den arte ez dira gauzak mugitzen. Garaia da irtenbide bat aurkitzeko».
Don Boscoko ikasleen proiektuari interesgarri iritzi dio lezoarrak. «Beraien ikaskide bat, lagun bat hil egin da ikastera edo lanera joateagatik. XXI. mendean hori gertatzea latza da; ezin da onartu bizilagun edo langile batzuk egunero errepide hori pasatuz bizia jokoan jartzea. Bertako bizilagunek hiru errepide pasa behar dituzte, segurtasun baldintzarik gabe, autobus bat hartzeko… Ikaragarria da. Oso serio hartu dute gaia ikasle eta irakasleek, eta eskertzekoa da».
Hark eta lankideek, segurtasun baldintzak beteko balira, garraio publikoa erabiliko luketela lanera joateko esan du Legorburuk, Aizpururen hitzak baietsiz: «Ez dugu erabiltzen eta autoz gatoz segurtasun baldintzarik ez dagoelako». Don Boscoko ikasle eta irakasleek bizilagunen eta langileen babesa dutela dio, «lan txukuna egin dute, ezinbestekoa. Orain erantzun baten zain gaude».
Baikorra izan nahi du, hainbeste urteetan erantzunik jaso ez badute ere, «espero irtenbide bat heltzea oraingoan, ezinezkoa da horrela jarraitzea». Erantzunik ezean, beste bide batzuk bilatzeko prest azaldu da lezoarra: «Langileek bizilagunekin batera protesta fasea zabalduko dugu, gertatzen dena Oarsoaldera zabaltzeko gutxienez. Hainbeste urteetako arazoak merezi du. Erantzunak ezin du izan garestiegia dela, edo teknikoki egingarria ez dela… Bizia jokoan jartzen ari da jendea. Zerbait esan behar dute, gustuko izango dugun ez dakit, baina honek ezin du berriro gertatu».
Ibilgailuen joan-etorri handia
Errekalde Bailaran bizi izan da urte luzeetan Junkal Sanz. Ez da bertan bizi gaur egun, baina gurasoen etxea zena mantentzen dute, eta aldian behin joaten da hara. Etxera joateko errepidea pasatzerakoan auto batek harrapatu zituen hura eta ahizpa duela 30 urte: «Ikaragarri arriskutsua da errepide hori. Hil den neska harrapatu zuten lekutik beherago harrapatu gintuen autoak ahizpa eta biok, topoko geltokitik aterata. Ahizpak baztertu ninduen errepidetik bigarren auto batek ez harrapatzeko».
Gaineko pasabidea dela irtenbidea uste du Sanzek, baita Irungo noranzkoan dauden bi bideetako bat oinezkoentzako bidegorri bihurtzea ere, «garraio publiko zerbitzuak jartzen dituzte baina ez dute horietarako sarbide egoki eta seguru bat bermatzen, nola da posible?». Han bizi zenean, etxetik istripu eta harrapatze ugari ikusi zituela gaineratu du, haserre: «Kamioi eta auto ikaragarri pila pasatzen dira errepide horretatik eta abiadura handian, etengabea da ibilgailuen joan-etorria; ez dakit zein den bideragarria, baina irtenbide bat eman behar dute, hau ikaragarria delako».
Don Boscoko ikasle eta irakasleak, bizilagunak, eta bertako enpresetako langileak ate guztiak jotzeko prest daude, Gaintxurizketako puntu ilun hori ezabatu eta ikaskide eta bizilagunak izan zuen zoritxarra ez dadin errepikatu. Urte luzeko borroka dago atzean eta itxaropena dute ikasleek haien lanak balioko duela behin betiko konponbidea emateko.