[Galeria] Iztieta-Ondartxoko bizilagunen eskaera historikoak erantzuna izango du
Ondartxoko hiltegiaren ondoko lokalak eraisteko salerosketa eragiketa egin du udalak. Auzoa biziberritzen hasteko lehen urratsa izango da, eta dena ondo bidean, hiruzpalau hilabete barru berrurbanizatuta izatea espero du Aizpea Otaegi alkateak.
Luze jo du bideak alde askoren adostasuna eskatzen zuelako, baina azkenean iritsi da, eta Iztieta-Ondartxo auzoko zein inguruko bizilagunen eskaera historikoak, edo horietako batek behintzat, erantzuna izango du epe laburrean. Ondartxoko hiltegiaren pareko lokalak eraitsiko ditu udalak, eta orube hori egokitu eta berrurbanizatu egingo du ondoren. Auzoa biziberritzen hasteko lehen urratsa izango da, eta dena ondo bidean, hiruzpalau hilabete barru berrurbanizatuta izatea espero du Aizpea Otaegi alkateak.
Eremu horren guztiaren berroneratzerako “sekulako jauzia” dela esan du alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziarekin batera eraitsiko diren pabiloietara egin duten bisitan. 400 metro koadro hartzen dituzte bi lokal horiek. Lokalak bereganatzeko operazioa “konplexua” izan dela azaldu du Otaegik, “jabe pribatuak zituen batetik eta haiekin akordiora iristea izan da beti gure asmoa, baina beste aldetik ere, hau desbinkulatu egin behar da atarien jabetza orokorretik, zehazki, Astigarraga kaleko 9. ataritik. Komunitatea ere inplikatu behar izan dugu beraz, bizilagun horiek, beraien eraikinetik bereizi behar zelako”. Luze jo du, urteak eman dituelako udalak adostasun batera heltzeko lanean. Baina iritsi da
Agintaldi planean jasota zegoen proiektua, eta hura amaitu aurretik, “txirrina jo aurretik” heldu direla, eta beraz, hori ere bete dutela nabarmendu du Otaegik.
Hilaren 8an sinatu zuten salerosketa udalak, lokalen jabeek eta Astigarraga kaleko 9. zenbakiko bizilagunen ordezkariek. Proiektua gauzatzeko 199.634 euroko diru zatia inbertituko du udalak. Bi lokalak eraisteko zein berroneratzea egiteko enpresak kontratatuta daude, baina aurretik, Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso behar du udalak: “Amiantoa deskontaminatzeko baimena jaso behar du enpresak lanean hasteko. Aurreikuspenen arabera, datozen asteetan helduko da hori, eta orduan eraitsi ahal izango da”. Lan horretarako astebete kalkulatu dute.
Aurretik barruko aldea husten eta garbitzen ari dira udal langileak, eta arratoiez ere garbituko dituzte pabiloiak.
Eraitsi ondoren Alzola S.L enpresak egokituko du orubea eta berrurbanizatu, “bertan 23 aparkaleku berri sortuko dira kotxeentzako, baita motorrentzako hainbat ere”. Era berean argiztapen berri batekin egokituko dutela azaldu du Otaegik, “erabilera berrirako egokiagoa izango dena”.
Interbentzio txikia izan arren, “bereziki ilusio handia” egiten dien lorpen handia dela nabarmendu du Otaegik, “asko kostatu zaigulako, eta espazio hau horrela edukitzea ez zen onargarria. Agintaldiarekin batera itxi behar genuen, eta lorpen aldetik oso pozik egoteko moduko urratsa da”.
Hiltegiaren birgaitzea, gertuago
Hiltegia birgaitzeko proiektua ixten ari direla jakinarazi du bestalde, alkateak, eta aurre aldera ez ezik, atze aldera begira ere eraikinak estalpea duela proiektatua azaldu du, “espazio honi beste logika bat emango zaio pabiloi hauek eraitsita, eta pasabide bilakatuko da”. Hiltegiak, beraz, bi sarbide izango ditu, eta del Amok esan duenez, “elkarrizketa bat” sortuko da hiltegiaren eraikina eta sortuko duten espazio berriaren artean”.
Une honetan idazten ari diren hiltegia birgaitzeko egikaritze proiektuak azalera handitzea aurreikusten du, eraikinaren egungo patioa estaliz. Horrela, berritutako orubera ematen duen fatxada izango du hiltegiak, “hartara, eremu hori ziurragoa izango da, ikusteko errazagoa egingo duelako. Helburu horrekin berarekin beste sarbide bat sortuko da Amasa kaletik.