Inziarteri hirugarren gradua kendu diotelako kezka azaldu dute EAJk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk
Adierazpen bateratua egin dute hiru alderdiek, eta erabakiaren gainean kezka azaldu dute.
Juan Manuel Inziarte euskal presoari hirugarren gradua onartu zion Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Erabaki horren aurka, baina, fiskaltzak helegitea jarri zuen, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ontzat eman du. Horrenbestez, Inziartek espetxera itzuli behar izan du.
Kezka azaldu dute Errenteriako EAJk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Oreretako-Errenteriako EH Bilduk erabaki horren aurrean, eta hirurek sinatutako adierazpen bateratua plazaratu dute. Errenteriako bizilaguna den Inziarteren kasuan, lehen aldiz, Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatu dela esan dute, “horren bidez presoak berriro espetxera sartu behar du JCVPk (Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala) hirugarren gradua eteteko fiskalaren eskaera onartzen duen unean, prozesua geldiaraziz Espetxe Zaintzarako Epaile Zentralari erabakiari itxaron gabe”.
Egoera horrek, espetxean hilabeteak pasatzera eraman dezakeela berriro Inziarte erantsi dute adierazpenean, “eta denbora baten buruan JCVPk hirugarren gradua berrestea, honela espetxe tratamendu batzordearen erabakia aplikatzea salbuespen egoera sortuz”.
Inziartek 68 urte ditu, eta hamalau urte daramatza espetxean. Datorren urtean ezarritako zigorraren 3/4ak beteko lituzkeela jaso dute adierazpenean, baita aspaldian bete zuela zigorraren erdia eta hirugarren gradura igarotzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak: “Martuteneko tratamendu batzordeak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua duela hamar egun eman zion, eta kontuan izanda duela gutxi iktus bat jasan zuela eta egun honen ondorioak paratzen dirauela, argi dugu espetxeratzeak ez diola batere mesederik egingo errekuperazio prozesuan”.
Kezka adierazi dute azkenik alderdi sinatzaileek, “fiskaltzak espetxe organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta”. Organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak esanda, eskaera zehatza egin dute: “Ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak eta edo espetxeko baimenak arau izan daitezen eta ez salbuespen”.