Komunikazio kanala sortu du PSE-EEk
Udal hauteskundeei begira, programa osatzeko herritarren eskaerak aintzat hartu nahi dituzte horrela. Apirilaren 30era arte egongo da Whatsapp taldetik mezua bidaltzeko aukera.
Maiatzeko udal hauteskundeak begiz jota, Lezoko PSE-EEk komunikazio kanala sortu du herritarrekin harremanetan egoteko. Helburu orokor hori betetzeko kanpaina abiarazi dute, hain zuzen ere, “Lezo Hurbilago” izenpean. Horrela, apirilaren 30era arte 666 274 317 telefonoa jarri dute eskura, herritarrek identifikatzen dituzten arazoen inguruko eskaerak bidal diezazkieten. Herritarrek SMS mezu bidez ere harremanetan jartzeko aukera izango dute.
“Herritarrekin batera gobernatzea” xede, hauteskunde programa osatu ondoren baina berau aurkeztu aurretik, jasotako proposamenen artean programan barnebilduko dituztenen berri emango dutela adierazi du talde sozialistak. Bestela, Joxean Sanchez PSE-EEren hautagaiak herriko etxea hauteskunde bulego gisa erabiliko dutela aurreratu du. Aipatu kanpainaren barruan kokatu dute aldaketa hau, eta Lezoko sozialistentzat eragin sinboliko eta emozionala duela azpimarratu dute. Hori dela eta, datorren apirilaren 1etik aurrera (larunbata), goizean 11:00-13:00a bitartean eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara irekiko dute herriko etxea.