Ehunka izan ziren atzo Juan Manuel Inziarteri hirugarren gradua ukatu diotelako mobilizatu zirenak, Etxerat-ek eta Sarek deitutako manifestazioan.

Juan Manuel Inziarte euskal preso oreretarrari hirugarren gradua kendu diotela salatzeko manifestazioa egin zuten atzo Errenteria-Oreretan. Ehunka lagunek bat egin zuten Etxerat-ek eta Sarek deitutako mobilizazioarekin. Inziarteri bakarrik ez, aste honetan xabier Atristain donostiarrari ere ukatu diote hirugarren gradua. Biek ala biek espetxeratze agindua jaso dute, ondorioz, bigarren graduko preso direlako epaitegien azken erabakien arabera. “Izugarria da 2023an oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea”, adierazi zuten atzo manifestazio ondorengo irakurketan.
Inziartek hirugarren gradua eskatu zuen, eta hilabete hasieran onartu zioten. Etxerat-ek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hilaren hasieran bi presoei hirugarren gradua jartzearen alde egin bazuen ere, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ontzat hartu du fiskaltzak erabaki horren kontra jarritako helegitea.
Inziartek 68 urte ditu, eta 14 urte eta erdi daramatza espetxean. Etxerat-ek gaineratu duenez, datorren urtean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Osasun arazoak ditu, gainera, presoen senideen elkarteak adierazi duenez. “Duela gutxi iktus bat izan zuen Inziartek, eta eriondo dago une honetan. Ohartarazi nahi dugu espetxera itzultzeak ez diola inolako mesederik egingo osatze prozesuari”.
Atzo jakinarazi zuten Inziarterenak eta Atristainenak ez direla kasu isolatuak. Espainiako Auzitegi Gorena “modu sistematikoan” ari da Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ezarritako gradu aldaketa horiek atzera botatzen. “Fiskaltzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren laguntzaz legedia arrutaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz eta euskal presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztuz”. Horregatik, atzoko mobilizazioen deitzaileek (Donostian ere martxa egin zuten) azaldu zuten espetxe politika horrekin bukatzeko elkarlanaren bidea dela egokiena, “hori da erantzunik eraginkorrena. Etxerako bidea bukatu bitartean, lanean eta kalean jarraituko dugu”.