Antxoko ludoteka berria inauguratu dute
Eskalantegi 45eko lokalak ia 400 metro koadro ditu. Bertan, ludotekaz gain, Pasaia Musikal eta Azokako zenbait elkarte kokatuko dituzte.
Zabalik da, gaurtik aurrera, Eskalantegi 45eko lokal berria. Udalak Visesari erosi zion 395 metro koadroko azalera duen eremua, eta bertan bizikide izango dira haurrentzako ludoteka, Pasaia Musikal eta lehen Azokan egoitza zuten beste hainbat elkarte.
Alkateak adierazitakoaren arabera, lehen Azoka eraikinean garatzen ziren “erabilera eta jarduera gehienak” hartuko ditu Eskalantegiko espazioak. Gune berri hori, baina, behin-behinekoa izatea da asmoa, Luzuriaga gizarte eta kultur zentroa martxan jarri arte.
Jatorrian irekia eta eremu bakarrekoa zen lokala Visesa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sozietate publikoari erosi zion udalak 2022ko martxoan, eta hasierako aurreikuspena hura beharretara doitzeko 400.000 euro inbertitzea zen. Barne egokitzapen guztiak eginda, ordea, —lokala banatzea, indar-, argiteria- eta klimatizazio-instalazioak, edota kanpoko itxiturak egitea— 507.000 euro inbertitu dira, azkenean, obretan.
Udal aretoaren erabilera hiru gunetan bereizi du udalak:
- Ludoteka. Horrek sarbide propioa du Molinao parketik. 150 metro koadro inguruko azalera du, honakoetan bereizita: bi gela, bulego bat eta bainugela bat. Espazioa estorez hornitu dute “haurren pribatutasuna babesteko”.
- Kulturarako gune balioaniztuna. Lokalaren gainerako zatian —245 metro koadro inguru— kultur erabilerako gune balioaniztuna egokitu dute. Bertara Eskalantegi 45 zenbakiko ataripetik sartu beharko da, eta honako eremu hauek ditu:
- 90 metro koadroko inguruko erabilera anitzeko aretoa, Azokaren eraikinean lan egiten zuten elkarteei zerbitzua emango diena. Erabilera koordinatzeko, hasierako egutegi bat prestatu zen, eta orain berriro egiaztatuko du udalak elkarteekin.
- Pasaia Musikal: espazio horrek hiru gela ditu, eta bertan udal musika eskolak Antxoko barrutian eskaintzen dituen eskola batzuk emango dituzte.