Lousada kaleko alokairuzko etxebizitza sozialen "kalitate eskasa" eta "gehiegizko tasak" salatu dituzte
Lousada kaleko alokairu sozialeko etxebizitzetako bizilagunek negoziazio mahaia eratzeko eskatu diote Alokabideri eta ur sistema kudeatzen duen Stechome enpresari. Komunitate tasen eta beharrezkoak diren zerbitzuen gehiegizko kostua salatu dute Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuarekin batera.
Atzo bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak egindako agerraldia. Lousada kaleko 40 zenbakian dauden alokairu sozialeko etxebizitza eraikineko bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin zuten atzo. Salaketa agerraldia izan zen atzokoa, haserrea adierazteko. Ekonomikoki “egoera zaurgarrian” dauden pertsonei bideratutako etxebizitzak direla nabarmendu zuten bildutakoek, eta “kalitate txarrekoak” izateaz gainera, “komunitate tasa zein zerbitzu altuak” ordaintzera derrigortzen dituztela salatu zuten. Alokabide eta enpresa pribatuak etxebizitza sozialen kalitate eskasaren errudun leloa zuten kartelak eskutan egin zuten agerraldia
Etxebizitza horietako batean bizi eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuaren kide den Unai Morionesek hartu zuen hitza agerraldian. 2021eko maiatzean estreinatu zuten eraikin hori. Errenteriako Udalak utzi zizkion lurrak Eusko Jaurlaritzari eremu horretan alokairu sozialeko zuzkidurazko etxebizitzak eraikitzeko. Hartzaileak, gazteak, eta alokairuan bost urtera arteko epean egoteko aukerarekin: Bertan bizi duguna egunerokoan oso bestelako egoera utzi digu bizilagunoi, eta etxebizitza sozialen benetako izaera azaleratu du”.

Atzo bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak egindako agerraldia.
Kalitate txarreko materialei, bertako bizilagunak “etengabeko ziurgabetasunera kondenatuta” daudela gaineratu zuen sindikatuko ordezkari eta bizilagunak: “etxe txikiak dira, arropa eskegitzeko aukerarik ez dago, espazio komunak hondatuta dituzte… eta hori kontuan hartuta, egoera zaurgarrienean gauden bizilagunok hilero 60 euro arteko komunitate tasak ordaintzera behartzen gaituzte; jakinik ere, pisu hauen jabe ez izanik etorkizunera begira diru galdua dela guretzako”.
Ziurgabetasunaren gaiari heldu zion ondoren Morionesek, “etxebizitza mota hauen ezaugarri nagusietako bat da. Bost urtez irauten duten alokairu kontratuak sinatzen ditugu; epe hori pasata, kalera joan behar gara, gure egoera ekonomikoak hobera egin ez badu ere”.
Alokabideri enpresa ezberdinekin “negozioa egitea” egotzi zioten, bestalde, bildutakoek, “estatuaren babes eta diru laguntzak erabiliz enpresa ezberdinek miseria kudeatzetik etekina ateratzen dute”. Horren adibide, etxebizitza sozialen eraikuntzaz arduratzen diren enpresak jarri zituen bizilagunak, eta leporatu zien “material kaxkarrak eta merkeak” erabilita “izugarrizko etekinak” pilatzea. Eraikuntzan ez ezik, etxebizitza sozialaren kudeaketarekin ere negozioa egiten dutela beste hainbat enpresek gaineratu zuen, “gure etxebizitzen kasuan Stechome enpresaren ur sistemaren kontratazioa da horren adibide. Gure oinarrizko beharren kontura irabazten duenaz gain, Alokabidek emandako diru publikotik zein bizilagunoi inposatutako kuota gehigarrietatik 16.400 euro bereganatu ditu”.
Alokabideri, gainera, “nagusikeriaz” jardutea egotzi zioten, “gure etxebizitzetan zein beste batzuetan, bizilagunak etxegabetze agindurik gabe kaleratzeko ahaleginak egin dituzte. etxegabetzeak atzeratzen dituen moratoria indarrean dagoen arren, Alokabidek etengabeko presio eta ziurgabetasunera kondenatzen ditu bizilagun zaurgarrienak”.
Beraien eraikinean bizilagun bat etxegabetua izateko mehatxupean dagoela azaldu zuten, gainera, “komunitate kuota izugarri hauek ordaintzeari utzi diolako”.
Egoera konpontzeko “antolaketaren” alde egin dutela azaldu zuten bildutakoek amaitzeko, eta horren harira negoziazio mahai baten esertzera deitu dituzte Alokabide eta Stechome, “irtenbideak kolektiboa behar baitu”.
