Milaka koloredun giza katea hasi da, batasuna irudikatzeko
Euskal Herriko herrialde guztietako gaztetxoek irakurri duen testuarekin abiatu da euskara batuaren bultzatzaileak goratzeko giza-katea.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteek testua irakurrita hasi da Batasunaren Bidean giza-katea. 16.000 eskuk baino gehiagok batu dituzte Errenteria-Orereta eta Donostia. Eguraldi onak ez du deialdiarekin bat egin. Euskaltzaindiako, Ikastoletako eta Errenteriako Udaleko ordezkariak hasieran izan dira.
Gaurko ekitaldi jendetsuak euskara batuari gorazarre egitea du asmo, hizkuntzak eman dion batasunari irudikatzeko, baita euskararen transmisioan jokatu duen papera nabarmentzeko ere. Toki sinboliko batetik irten da giza-katea: Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren omenezko eskulturatik.
Euskararen batasuna bultzatu zuenetako bat izan zen errenteriarra, eta berarekin batera, hizkuntzaren estandarizazioa bultzatu duten hamalau pertsonari aitortza egingo diete. Gaztetxoek esan duten bezala, milaka kolore batu dira bidean. “Euskara Batuak batzen gaituelako, batzen gaituenak egiten gaituelako”, gaineratu dute (behean irakur daiteke testu osoa).
Donostiako Plaza Berrirako bidea 8.226 metrokoa da, eta milaka lagunek bete dute, eta ordu erdian beteko dute. Bukatzerakoan, parte-hartzaileak bost eremutan banatuko dituzte: Errenteria-Oreretan, Pasaian eta Donostiako hiru eremutan. Bertan parte hartu duten ikasleek eurek prestatutako ekitaldiekin gozatzeko aukera izango dute.
Arratsaldean Euskaltzaindiako ordezkaritza batek Orereta Ikastola bisitatuko du, 15:00etan. Ondoren —17:30ean— hizkuntzaren akademikoak udaletxean izango dira. Bertan ekitaldi instituzionala egingo dute.
Izan nahi dugu herri, izan nahi dugu nor, izan nahi dugu zer.
Erronka handi bat dugu gaurkoan: Errenteria eta Donostia batuko dituen giza kate erraldoia eraikitzea, eskuz esku, besoz beso, zapiz zapi.Batasuna da gure indarra. Garena egiten gaituena. Garena egin gintuena. Izango garena egiten gaituena. Denboratik gatoz eta denborara goaz, etenik gabe, denbora gara. Euskararen denbora. Gure herriaren denbora.
Horregatik, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri gara euskara batua sortu zutenei aitortza egitera. Euskara Batuak batzen gaituelako, batzen gaituenak egiten gaituelako.
Egunero, uneoro, euskara erabiliz, euskaraz biziz, bagarela eta izango garela erakusten dugu. Euskara bide bat baita: atzokoa, gaurkoa, biharkoa. Oraingoa eta gerokoa.
Euskara kolore bat da. Bi kolore, hiru kolore, milaka kolore, gutako bakoitza adina kolore. Kolorea gara. Asko eta askotarikoak garelako. Bakoitza ezberdin, eta denok batera, kolore bat bera.
Euskara guztiona baita, euskara guztiok egiten baitugu. Herri garelako, nor garelako eta zer garelako.
Goazen bidea egiten jarraitzera! Goazen euskara koloreztatzera! Batu euskararen katera!