EH Bilduk zerrenda "anitza eta langilea" aurkeztu du
Aurpegi berri asko dituen zerrenda osatu du Oiartzungo EH Bilduk, maiatzaren 28ra begira, egindako lana jarraitzeko "arnas berriarekin".
Oiartzungo EH Bilduk maiatzaren 28rako udal hauteskundeetarako berretsi zuen atzo. 90 bat lagun elkartu ziren Bilgunean, eta zerrendaren bozketa egin zuten bilkideek.
Aho batez aurrera onartu zuten, eta, beraz, zerrenda osatuko duten 24 izenak publiko egin dituzte (behean dago helarazi duten informazio guztia).
EH Bilduk adierazi duenez, zerrenda osatzen duten 24 oiartzuarrek herrigintzan “ibilbide luzea” dute, herriko hainbat dinamikatan parte hartzen dutenak.
“Udalean lan egiteko pausoa emango dute orain, oiartzuarrekin eta eragileekin eskuz esku elkarlanean jarraitzeko konpromisoarekin. Maite dugun Oiartzun eraikitzen jarraitzeko hautagai paregabeak eta talde onena da”, gaineratu du koalizioak.
Jarraitutasuna eta “arnas berria”
Egungo udal taldeak hamabi zinegotzi ditu, eta horiek hasitako lanei jarraipena eman nahi dietela esan dute. “Udalean ziklo bat itxi eta berria irekiko du, inolako etenik izango ez duen ziklo aldaketa izango da”, zehaztu dute.
Hauteskundeak irabazteko asmoz, arloz arloko programa bat osatu dutela gaineratu dute. Orain arteko bideari “arnas berriak” gehitu dizkiotela adierazi dute.
Aurpegi berri asko daude lehenengo postuetan, bik bakarrik —Agustin Lekuonak eta Olaia Lasak— errepikatuko baitute. Orain arte udalean aritu diren gainontzekoak bukaerako postuetan daude.
Zerrenda
- Joana Mendiburu Garaiar. 46 urte, Ugaldetxo. Orioko Herri Ikastolako zuzendaritzako kide eta Labore Oarsoko Lehendakaria.
- Agustin Lekuona Irastorza. 50 urte, Karrika. Ingeniari tekniko mekanikoa. 2019-2023 agintaldian Hirigintza zinegotzia.
- Olaia Lasa Olaziregi. 36 urte, Ugaldetxo. Gizarte hezitzailea eta psikopedagogoa; harrera etxeko langilea. 2019-2023 agintaldian Ongizate zinegotzia.
- Garazi Urdampilleta Astibia. 31 urte, Karrika. Lehen Hezkuntzako irakaslea eta herri mugimenduko kidea.
- Ibon Mitxelena Fernandez. 49 urte, Gurutze. Kimikaria eta ekonomia sozialeko proiektuetan aritua: Elika eta energia komunitateak.
- Nora Velez del Burgo Zalakain. 28 urte, Elizalde. Bigarren Hezkuntzako euskara irakaslea eta Oiartzungo Feministen Asanbladako kidea.
- Jexux Olaziregi Bagues. 38 urte, Elizalde. Historian eta Kazetaritzan lizentziatua. Hainbat herri mugimendutako kidea.
- Edorta Fernandez Etxepeteleku. 35 urte, Ugaldetxo. Diseinu grafikoan aditua, inprentako langilea. Oiartzun Kirol Elkarteko eta Aldeguna elkarteko kidea.
- Oihana Irastorza Gonzalez. 43 urte, Elizalde. Haurtzaro Ikastola Kooperatibako administrazioko langilea.
- Ekain Susperregi Ibarguren. 25 urte, Iturriotz. Informatikaria eta dantzaria.
- Aiako Harria Gaztelumendi Gaztelumendi. 40 urte, Ergoien. Euskara irakaslea Bigarren Hezkuntzan eta euskalgintzan aritua.
- Jon Albisu Mendiburu. 43 urte, Karrika. Garbitania 0 zabor-eko langilea.
- Ibintza Iragorri Iriarte. 40 urte, Elizalde. Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoko irakaslea eta herri mugimenduko kidea.
- Intza Mitxelena Ugalde. 22 urte, Iturriotz. Erizaina.
- Asier Gaston Aldezabal. 42 urte, Elizalde. Ostalaritza eta turismoko goi teknikaria.
- Amalur Arbelaiz Arbelaiz. 42 urte, Iturriotz. Garbitzailea eta jangelako begiralea. Herri kiroletan aritua.
- Irati Izagirre Beloki. 34 urte, Altzibar. Gizarte langilea.
- Juan Mari Arabolaza Lizarralde. 78 urte, Gurutze. Igeltseroa eta erleetan aditua.
- Olga Leibar Mendarte. 68 urte, Elizalde. Irakasle izandakoa; egun pentsionista. 2019-2023 agintaldian Feminismo zinegotzia.
- Zigor Goikoetxea Retegi. 48 urte, Altzibar. Finantza kudeatzailea. 2011-2015 agintaldian zinegotzia.
- Eneritz Arbelaitz Sarasti. 36 urte, Altzibar. Biologoa. 2015-2013 agintaldietan alkateordea.
- Joxe Mari Mitxelena Kazabon. 64 urte, Arragua. Jubilatua. Pilotako Euskal Selekzioko hautatzailea.
- Aiora Perez de San Roman Uria. 44 urte, Elizalde. Psikologian lizentziatua; egun lan orientatzailea. 2011-2015 agintaldian Oiartzungo alkatea.
- Jexux Leonet Elizegi. 55 urte, Karrika. 2015-2023 agintaldietan Oiartzungo alkatea.