Ander Imazen finala ospatzeko plana antolatu dute iganderako
Ander Imazek igandean jokatuko du —Unai Lasorekin— binakako txapelketako finala. Zaleek afaria antolatu dute Egi-Luzen.
Ander Imaz pilotariak iazko arantza kendu nahi du igandean. Ander Imazek eta Unai Lasok aurreko asteburuan lortu zuten Binakako Txapelketako finalerako txartela. Iazko arantza kendu nahiko dute datorren igandean, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Elordi eta Zabaleta izango dituzte arerio.
Atzelari oiartzuarrak bere herri eta klubeko kideen babesa izango du hiri buruzagian, Oiarpek autobusa antolatu baitu.
Finala bertatik bertara ikusteko aukerarik ez dutenentzako, afaria antolatu dute Egi-Luze sagardotegian. Irabazi edo galdu, finalera iristea ospatu nahi dute igandean.
21:00etan elkartuko dira Errenteria-Oreretako sagardotegian. Ohiko menua eta kafea sartuko dira 35 euro ordainduta.
Txartelak eskuratzeko hiru modu daudela jakinarazi du Oiarpek. Alde batetik, txokolategian eros daitezke. Bestetik, Oiarperen bulegoetatik pasa daiteke. Azkenik, telefono bidez lor daitezke, 646 93 67 67 (Marijo) zenbakira deitu edo idatzita.
Ea iazkoak baino aho zapore gozoagoa uzten duen.
Oiarperen emaitzak
Oiarperen emaitzen dagokienez, hamazazpi partida jokatu zituzten pasa den asteburuan. Emaitza aldetik, ez da astebururik onena izan, sei partida irabazi baitituzte Oiartzungo pilotariek.
Hala ere, horietako bat pisuzkoa izan zen, Etxeberriak eta Zelaiaranek Udaberri txapelketako K2 kategoriako finala irabazi baitzieten tolosarrei, 10-22ko emaitzarekin.
Emaitza guztiak ikusteko, egin klik esteka honetan.
